Berdinketarekin ekin dio ligari Anaitasunaren nesken lehen taldeak

Andoni Elduaien 2021ko ira. 19a, 14:48
Oihane Ucin, atzo, baloiarekin.

Aukera ugari sortu zituen Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak San Martin Hauskaitz taldearen aurka. Neurketaren hondarrean berdindu zuten arabarrek, Txerloian.

Anaitasunaren emakumezkoen lehen taldeak bana berdindu zuen atzo, larunbata, San Martin Hauskaitz taldearen aurka, Txerloian. Gorrixek aukera asko izan zituzten denboraldia garaipenarekin hasteko, baina, besteak beste, zutoinarekin eta langarekin egin zuten topo.

Erasokor ekin zion Anaitasunak neurketari; etxeko neskek eraman zuten jokoaren ekimena une oro, baina aurrean berdegunean ondo jarrita zegoen taldea aurkitu zuten. Leire Ucinek eta Oihane Ucinek izan zituzten gorrixen lehen aukerak, baina segituan etorri zen arabarren lehen erantzuna ere.

Aurkariaren atera hurbiltzen jarraitu zuen Anaitasunak, eta atsedenaldira iritsi aurretik neskek estu hartu zituzten arabarrak. 41. minutuan, Maider Badiola aurrelariak bere oinetan izan zuen gola. Atezainaren aurrean, baina, zutoinera bidali zuen baloia. Ondoren, berriz, Ainhoa Galarraga, Badiola bera, Jone Larrañaga eta Ane Juaristi saiatu ziren aurkariaren atea zulatzen.

Atsedenaldiaren ostean iritsi ziren neurketako bi golak. 61. minutuan, Anaitasunak aurrea hartu zuen Txerloian; Ane Juaristi izan zen, korner jokaldi batean, buruz baloia San Martin Hauskaitzen ate barrura bidali zuena. Neurketako azken hogei minutuetan, gainera, Anaitasunak neurketa erabakita uzteko aukera onak izan zituen. Oihane Ucinek bere oinetan izan zuen, birritan, bi eta hutsekoa. 70. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa batean zutoinera bidali zuen baloia; 83. minutuan, berriz, langarekin egin zuen topo aurrelariak. 

Anaitasunak neurketa itxi ez, eta 87. minutuan San Martin Hauskaitz taldearen gola iritsi zen. Jokaldia asko protestatu zuten etxekoek, goleko jokalian Ane Juaristiri egindako falta garbia izan zelakoan. Epaileak, baina, ontzat eman zuen arabarren gola. Gutxi gehiagorako denbora izan zen Txerloian. Puntu banaketarekin hasi dute sasoi berria, beraz, Gorka Zubizarretaren neskek. Datorren asteburuan, Añorgaren aurka jokatuko dute.

Mutilek, galdu

Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak, aldiz, 3 eta 0 galdu du gaur, igandea, Durangoko (Bizkaia) Tabira futbol zelaian. 18. minutuan lortu dute etxekoek lehen gola, eskuin hegaletik egindako erdiraketa errematatuta. Atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian, gainera, partida erdi ebatzita utzi duen jokaldia iritsi da. Epaileak Cultural Durango taldearen aldeko penaltia adierazi du, eta 11 metrotatik lortu dute etxekoek bi eta hutsekoa egitea.

Aldageletatik bueltan, berriz, bizkaitarrek hirugarren gola egitea lortu dute, eta partida guztiz itxita utzi dute. Area ertzean hartu du baloia Cultural Durangoko erdilari batek, eta hark jaurtiketa gurutzatu ostean, baloia sareetara bidali du. Gainera, jokoa beren eran antolatu dute durangarrek, eta gol gehiago egiteko abaguneak ere izan dituzte. Hori horrela, denboraldiko lehen porrota jaso du Xabi Artetxek zuzentzen duen taldeak. Datorren asteburuan Barakaldoren aurka jokatuko dute, Barakaldoko (Bizkaia) Lasesarre zelaian.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide