Luzapen ero batek ebatzi du Anaitasunaren eta Basconiaren arteko berdinketa

Andoni Elduaien 2021ko ira. 16a, 08:45
Bi taldeetako jokalariak epailearekin hizketan.

Anaitasuna galtzen hasi zen etxean, baina bigarren zatian markagailua iraultzera iritsi zen taldea. Neurketako azken jokaldian, luzapeneko denboraz kanpo, Basconiak binakoa egitea lortu zuen.

Espainiako Hirugarren Mailako hirugarren jardunaldiari zegokion neurketa jokatu zuen Anaitasunaren gizonezkoen lehen taldeak atzo, asteazkena, Basauriko (Bizkaia) Basconia taldearen aurka. Gorrixek esku-eskura izan zuten hirugarren garaipena erreskan lortzea, baina neurketako azken jokaldian bizkaitarrek egindako gol batek ekidin zuen Anaitasunaren garaipena. Txerloian 300 jarraitzaile inguru batu ziren atzo, eta gogotik bultzatu zuen taldea.

Minutu gutxi batzuk kenduta, Basconia Anaitasuna baino gehiago izan zen lehen zatian, eta hori hasiera-hasieratik nabaritu zen. Hori horrela, 17. minutuan falta baten bitartez lortu zuten bizkaitarrek 0 eta 1ekoa egitea. Golaren ostean, Anaitasuna hobeto aritu zen minutu batzuetan, baina inoiz ez zen iritsi aurkariei min egitera. Ander Arabaolaza golegilearen falta jaurtiketa gaizto batean izan zuten aukera bakarra etxekoek.

Bigarren zatian beste kapitulu bat zabaldu zuen Anaitasunak. Euriak markatutako zatia izan zen, baina etxekoek hasi eta berehala lortu zuten partida berdintzea. Julen Aramendik eskuin hegaletik egindako erdiraketa neurtua izan zen, eta Arabaolaza aurrelariaren buruan jarri zuen baloia. Aurrelariak ez zuen hutsik egin atezainaren aurrean, eta buruz, sareetara bidali zuen baloia. Denboraldiko hirugarren gola egin zuen Arabaolazak. 

Basconia oso tartean behin iritsi zen Anaitasunaren areara, eta ailegatu zenean ere arrisku gutxirekin eraman zuen jokoa. Azken hogei minutuetan sartu aurretik, gainera, Basconia hamarrekin gelditu zen, jokalari batek neurketako bigarren txartel horia ikusi zuelako. Ordutik aurrera, gorrixek ez ziren izan soilik gehiago jokalari kopuruan, jokoan ere goitik behera nagusitu ziren.

Azken minutuetan, jarrera erasokorra aurkeztu zuen Xabi Artetxe entrenatzailearen taldeak. Zelaian minutu gutxi batzuk zeramatzan Dani Marinek izan zituen aukera onenak; lehena, Mikel Aramendiren erdiraketa baten ostean, eta bigarrena, area ertzetik indartsu eta atera zuzen-zuzen egindako jaurtiketa ikaragarri batean.

Kolpetik kolpera

Marinen bigarren abagunean atezainak baloia kornerrera urrundu zuen, eta zehazki, jokaldi horren ondoren lortu zuen Anaitasunak markagailuan aurrea hartzea. Kornerra Arabaolazak erdiratu zuen lehen zutoinaren parera, eta zelairatu berria zen Jon Letamendiak atzelari guztiei aurrea hartuta, buruz ate barruan sartu zuen baloia. Une horretan eztanda egin zuen Txerloiako harmailak.

Golaren ostean, segituan etorri zen Basconiaren erantzuna. Epaileak luzatutako minutuetatik harago, area ertzeko alboko sake baten aldaratzean lortu zuten bizkaitarrek binakoa egitea. Zaleei eta taldekideei minutu batzuk lehenago piztu zitzaien sugarra une kolpera itzaldu zen. Epaileak, gainera, gola egin eta berehala eman zuen neurketa amaitutzat. 

Kolpea handia izan bazen ere, taldeak maila oso ona erakutsi zuen bigarren zatian; lana bide onean egiten ari direnaren erakusgarria izan zen Basconiaren aurkako nerketaren bigarren erdia. Datorren igandean jokatuko du Anaitasunak laugarren jardunaldiko neurketa. Cultural Durango taldearekin neurtuko dituzte indarrak Durangon (Bizkaia), 11:30etik aurrera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide