Iazko bide beretik ekin nahi dio ligari Anaitasunaren nesken lehen taldeak

Andoni Elduaien 2021ko ira. 17a, 08:45
Irantzu Albizuri, iazko partida batean. (Argazkia: JaviUrola)

Larunbatean 17:00etan ekingo dio ligari Gorka Zubizarretak gidatzen duen taldeak, Txerloian; San Martin Hauskaitz izango du aurrez aurre. Iaz, inoizko hasierarik onena eman zion liga txapelketari Anaitasunaren emakumezkoen lehen taldeak, eta aurten ere balentria hura errepikatu nahi dute, nahiz eta badakiten aurtengo txapelketa "bestelakoa" izango dela.

Anaitasunaren emakumezkoen lehen taldeak datorren larunbatean, irailak 18, hasiko du Emakumezkoen Euskal Ligako 2021-22 denboraldia. San Martin Hauskaitz izango dute ligako lehen aurkaria, zapatuan (17:00). Arabako Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan lehena eginda igo da mailaz Euskal Ligara.  

Azken denboralditik aurtengora aurpegi aldaketa batzuk izan dira nesken taldean. Zehazki, bi baja izan ditu Anaitasunak, Aretha Azkue horietako bat. Lau jokalari berri batu dira taldera ordea. Jone Larrañaga futbol jokalari azkoitiarra Realetik itzuli da Txerloiara, eta kadete mailatik lehen taldera jauzia eman dute Alba Urzelaik, Ane Epeldek eta Eider Azpiazu. Zubizarretaren arabera, ordea, taldearen fitxaketarik onena iazko taldeari eustea izan da. "Blokea mantentzea lortu dugu. Bost jokalarik maila bat gorago jokatzeko aukera izan dute, baina guztiek erabaki dute Anaitasunan jarraitzea". 

Entrenatzailearen esanetan azken denboraldia baino "gogorragoa" izango da aurtengo sasoia. "Itxura guztien arabera, aurtengo liga aurrekoa baino gogorragoa izango da. Iazko maila bera emanda, ez genuke txapelketa iaz bezala hirugarren postuan amaituko, ziurrenik". Hala eta guztiz ere, Zubizarreta entrenatzaileak itxaropen handia du aurtengo urterako ere, eta azken denboraldia errepikatzetik ahalik eta gertuen egon nahi dute. "Sailkapeneko beheko postuei erreparatzetik gora begira jartzea izan zen azken denboraldian jarri genuen helburuetako bat, eta horrela atera zitzaigun; erabat goian ibili ginen urte guztian zehar. Aurten ere iazkoa errepikatzea gustatuko litzaiguke, goiko postuengatik borroka egitea. Halere, onen artean sartu nahi badugu, azken denboraldiko maila hobetu egin beharko dugu".

Jarraitzaileen aurrean jokatuko dute aurten berriz ere neskek. "Iaz, aldagelan ere hitzegin genuen zaleetaz. Euskal Ligan geundenetik inoizko urterik onena ari ginen egiten, eta jendeak ezin izan gintuen bertatik bertara ikusi. Youtubetik-eta ikusteko aukera izan zuten batzuk, eta badakigu jarraitu gintuztela, baina ez da berdina. Jendea Txerloira etortzea gustatuko litzaiguke. Anaitasunako neskak hobetu egin direla eta gu partidak irabazten ikustea nahi dugu. Zor diegu jarraitzaileei".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide