Urrats bat emanda, eskola kirol egokituko eskaintza zabaldu dute

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 15a, 16:34
Azpeitiko eta Azkoitiko Udaletako, Marea Urdinako, Foru Aldundiko eta Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak, aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)

Aurrerantzean, aniztasun funtzionala duten herriko haur eta gazteek eskola kirol egokituaz gozatzeko aukera zabalagoa izango dute. Horretarako eskaintza zabaldu dute Azkoitian eta Azpeitian, eta izen-ematea zabalik dago jada. Egitasmoaren bitartez kirolari "buelta bat" ematea dute xede, kirol egokitua etorkizunean kirol inklusiboa izan dadin. Erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da egindako urratsa. Gaur egun Urola Erdiko ikasleen %6k dute aniztasun funtzionala.

Aniztasun funtzionala duten haur eta gazteek eskola kirolaz gozatzeko aukera izango dute aurrentzean. Gaur eman dituzte eskaintza berriaren inguruko xehetasunak Azpeitiko Udaleko zinegotzi Josu Labakak, Azkoitiko Udaleko zinegotzi Sonia Vazquezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Unai Azurmendik, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko zuzendari Amaia Elizondok eta Marea Urdinako kide Aritz Orbegozok. Izan ere, ireki berri duten kirol eskaintza erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da. Hala nabarmendu dute gaur egindako agerraldian. 

Eman diezaiogun buelta bat kirolari lelo hartuta ireki dute Eskola Kirol Egokituko (EKE) eskaintza, hori baita lortu nahi dutena, urratsez urrats, eskola kirola egokitua eta inklusiboa izatea. Erakundeek jakinarazi dutenez, gaur egun Urola Erdiko ikasleen %6k dute aniztasun funtzionala. Azpeitiko zinegotziak nabarmendu du ikasle horientzako eskaintzarik ez zegoela lehen, eta orain egindakoa "integraziora bidean emandako pauso garrantzitsua" dela. "Kirolak eragin zuzena du herritarren osasun fisikoan nahiz buruko osasunean. Horregatik pentsatzen dugu kirola beharrezko baliabidea dela haur eta nerabe horien bizi kalitatean eragiteko".

Ildo beretik mintzatu dira gainerako erakundeetako ordezkariak ere, eta denek eskola kirol egokituaren eskaintza zabaltzearen garrantzia jarri dute mahai gainean. Kirol Egokituen Federazioko zuzendari Amaia Elizondok nabarmendu du "hilabetetako lanaren emaitza" dela egindakoa. Haren hitzetan, aniztasun funtzionala duten haurren eskubideak "urratuta" egon dira orain arte. Elizondok kirola "integraziorako erreminta nagusietako bat" dela esan du, eta horren harira dei egin die haurrei eta familiei eskaintza berriaz goza dezaten. "Batzuetan konfiantza falta izaten dugu, baina ziur gaude prestatutako eskaintzak beharrezkoak diren osagai guztiak dituela", gaineratu du.

Foru Aldundiko ordezkari Unai Azurmendik erakundeen jarrera eta lana txalotu du. Haren hitzetan, EKE egitasmoa "zegoen gabezi bat tapatzeko" jarri zuen martxan Foru Aldundiak, baina nabarmendu du Azpeitian eta Azkoitian udalak izango direla gabezi hori tapatuko dutenak, "inklusioa bere egin dutelako". Izan ere, bi udalak izango dira eskaintzaren kudeaketaz arduratuko direnak, ikastetxeen bitartez, besteak beste. 

Aritz Orbegozok, Marea Urdinaren izenean, ideia bat nabarmendu nahi izan du: "Behar bereziak dituzten haurrez edo pertsonez hitz egiten da sarritan, baina behar bereziak dituztenak ez dira haur edo pertsona hauek, erakundeek, ikastetxeek edota kirolak dituzte behar bereziak haur eta pertsona hauen ohiko beharrei erantzuteko". Zentzu horretan, gaur aurkeztu duten eskaintza "sukaldean egindako lanaren emaitza" dela esan du, erakundeei eskerrak eman eta interesa duten herritarrei kirol egokitura animatzeko deia egitearekin batera. 

Eskaintzaren xehetasunak

Azkoitiko herriari dagokionez, Sonia Vazquez zinegotziak azaldu ditu martxan jarriko diren eta lehendik dauden zerbitzuak. “Eskola kirolaren kasuan, ikastetxeetan astean bi saio eskainiko dira 8 eta 12 urte bitartekoentzat. Hau eskaintza berria da, eta ikasleekin adostuko dira egun eta orduak. Ikastetxeetan eman ahalko da izena" azaldu du Vazquezek. 

Horrez gain, Azkoitia BHI ikastetxean Zeregin Ikasketen Gela dute, gela egonkorra deitzen diotena, eta horretan astean behin soinketa egiten dute.

Aniztasun funtzionala duten gazte eta nerabeek Azkoitian bazuten lehendik igeriketa eta soinketa egiteko aukera astean bi egunetan. Bost lagunek hartzen zuten parte. “Orain kirol egokituen federazioarekin lankidetzan, eskaintza hori egokitu egingo da erabiltzaile bakoitzaren behar edo nahietara. Helburu zehatzagoak landuko dira eta kirol hezitzaileak ere gehitu egingo dira. Lehen bakarra zegoen, eta hemendik aurrera gutxienez bi izango dira", azaldu du Vazquezek.

Saio horiek astearteetan 19:00etan eta ostiraletan 17:30ean izango dira Elkargunean, eta bertan eman behar da izena. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko.

Vazquezek gaineratu du haur eta gazteek ez ezik, helduek ere badutela soinketa eta igeriketa egiteko aukera. "Astean bi egunetan biltzen dira, astearteetan eta ostiraletan. Helduei zuzendutako saioak bertan behera egon dira osasun egoera tarteko, baina berriro martxan jartzea da gure asmoa".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide