Asteburuan abiatuko dute Gipuzkoako txapelketa Oteiza elkarteko pilotariek

Andoni Elduaien 2021ko ira. 15a, 15:24
Elkarteko pilotariak, Gurea pilotalekuan. (Argazkia: Joakin Sudupe)

Kadeteen, gazteen eta nagusien mailan parte hartuko dute eskuzko pilotariek; gomazko paleta txapelketan ere arituko dira palista azkoitiarrak. Aurrerantzean, gainera, Gurea pilotalekura joan ahal izango da eskuzko nahiz gomazko paletako partidak ikustera.

Datorren asteburuan ekingo diote pilotari azkoitiarrek Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketari. Horren bueltan, Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak atzo, asteartea, aurkeztu zituen txapelketan ariko diren eskuzko eta gomazko paletako pilotariak. Hain zuzen ere, azkoitiarrak kadeteen, gazteen eta nagusien mailan lehiatuko dira eskuzko txapelketan; gomazko paleta modalitatean ere jokatuko dute aurten ere palista azkoitiarrek.

Eskuzkoan, bi bikotek parte hartuko dute kadete mailan. Lehen mailan, Oier Aldazabal eta Inhar Egaña arituko dira, eta bigarren mailan, Joritz Azkoitia eta Denis Galarza. Jubenil edo gazte mailan, berriz, Mikel Aranbarrik eta Iker Garciak lehen mailan jokatuko dute, eta Jon Etxanizek eta Alex Juaristik bigarren mailan.

Nagusien mailan, ostera, lau bikotek ordezkatuko dute Oteiza elkartea; lehen mailan jokatuko dute Alex Juaristik eta Jon Juaristik; eta bigarren mailan, Jon Oteizak eta Jagoba Urangak. Hirugarren mailan, ostera, Oteiza elkarteak bi bikote izango ditu. Alde batetik, Iñaki Oteizak eta Joseba Zendoiak osatutako bikotea ariko da lehian, eta bestetik, Aitor Oteizak eta Aitor Azkoitiak osatutakoa. 

Gomazko paletako pilotariak ere Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketan izango dira. Nagusien mailan arituko dira bikote guztiak. Jokin Aizpuru-Iker Epelde bikoteak, esaterako, lehen mailako txapelketa jokatuko du. Bigarren mailan, berriz, beste bikote izango du Oteiza elkarteak. Igor Juaristi, Markos Azpiroz, Aratz Zabaleta eta Igor Larrañaga palisten artean osatuko dute bikotea.

Eskuzko nahiz gomazko paletako partidak ikustera joateko aukera izango da, gainera, aurrerantzean. Ikusleak Azkoitiko Gurea pilotalekura sartzeko aukera izango dute asteburu honetatik aurrera, baina, beti ere indarrean dauden osasun neurriak errespetatuta; maskara jantzita ikusi beharko dira partidak pilotaleku barruan, eta pertsonen artean segurtasun tartea gorde beharko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide