ELA sindikatuak "irmoki" salatu du egoitzako langileei biharko bileran parte hartzea ukatu izana

Andoni Elduaien 2021ko ira. 15a, 13:52
Azkoitiko San Jose egoitzaren ataria.

Egoitzetakoa "finantzazio publikoa duen zerbitzua" izanik, "onartezina" da sindikatuarentzat bihar Kabiak eta Azkoitiko Udalak udaletxean egingo duten bileran langileen parte hartzea ukatu izana. Era berean, egoitzetako langileen egoera "jasanezina" bihurtu dela salatu du.

Kabiak eta Azkoitiko Udalak San Jose egoitzaren inguruko zenbait alderdi jorratzeko bilera egingo dute bihar, irailak 16. ELA sindikatuak "irmoki" salatu du bilera horretan langileen parte hartzea ukatu izana. Sindikatuak azaldu du udalari eta Kabiari bilera egiteko eskaera luzatu zietela. Udalak "erantzunik ez" duela eman, eta Kabiak langileen ordezkariekin "bildu nahi ez" dutela erantzun dietela jakinarazi du ELAk.

"Kabiak, Aldundiaren Organismo autonomoak, kudeatutako zerbitzu bati buruz hitzegiten ari gara. Finantzazioa publikoa da eta Azkoitiko herritarrentzat eskaintzen den zerbitzua da; mota honetako jarrerak onartezinak dira. Hemen ere argi geratu da, langileen eta egoiliarren ongizatea baino, Aldundiak eta udalak enpresa pribatu baten aberastasuna lehenetsi nahi dutela", adierazi du sindikatuak.

Azkoitiko San Jose egoitza Biharko enpresak kudeatzen du, eta ELAren arabera langileen egoera "jasanezina" bihurtu da. "Langileek urteak daramatzate beren arazoak enpresarekin konpondu nahian, baina aldarrikapen horiei ez zaie inolako erantzunik ematen. Sekulako langile falta dago, azken urteetako udarik gordinena pasatu dute, eta horrek eragin zuzena izan du zerbitzuaren kalitatean".

Era berean, langileen lan baldintzak "gero eta prekarioagoak" direla nabarmendu du sindikatuak. "2016. urtetik ez dute beren lan hitzarmena berritu eta egoitzako langileen erdia baino gehiago lanaldi partzialean dago. Egutegi gordinak, egutegi aldaketak eta sarri askotan atsedenik gabeko asteak sufritu izan dituzte San Jose egoitzako langileek".

ELArentzat "ez da onargarria" pandemia garaian langileek beren bizitzak "arriskuan" jartzea, eta horren ordainetan, horiek "alde batera" uztea. "Oraindik ere, lan kargak eta presioa medio, langilearen osasun psikologikoa arriskuan jartzen jarraitzen dute, eta patronalak eta erakunde publikoek entzungor egiten dute".

Mobilizazio dinamika, "positiboa"

ELAk "positibotzat" jo du langileen, senideen eta egoiliarren artean sortu den mobilizazio dinamika. "Aliantzak ezinbestekoak dira, kalean antolatu eta herritar orori eragiten dieten arazoei erantzun kolektiboak emateko". Horren bueltan, bihar Azkoitiko udaletxearen aurrean egoitzako egoiliarrek, senideek eta langileek egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Horrez gain, adinekoen egoitzetan beste bi greba egun deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Irailaren 23an eta 24an egingo dute greba, eta beste behin, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan langileen egoerak "okerrera" egin duela salatuko dute. Duela hiru urte hasi zituzten egoitzetako langileek lan baldintzak hobetzeko lehen protestak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide