Urrian hasiko ditu ekintzak Plaza Ondo elkarteak

Andoni Elduaien 2021ko ira. 15a, 08:45
Margolanak egiteko aukera izango da Plaza Ondon. (Pixabay)

Bingoa, margolaritza eta josteko tailerrak antolatu ditu datorren hilerako jubilatuen elkarteak. Aurrerantzean, podologoak asteazkenetan eskainiko du zerbitzua, eta elkartearen bulegoa ere egun berean zabalduko dute.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak urritik ekainera bitartean gauzatuko dituen ekintzen berri eman du. Elkarteko egoitza joan den ekainean ireki zuten. Irekita dagoen arren, ezinbestekoa da lokalean osasun neurriak errespetatzea, eta zentzu horretan lokalaren aforoa mugatuta dute; gehienez hogei pertsona egon ahal dira lokalean une berean. Astean lau egunez egon ohi da zabalik lokala: asteartetan, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara. Bertatik azkena ateratzen denak, halaber, udaltzaingoari pasatu beharko dio abisua. 

Azken urteetan bezala, urrian zenbait ikastaro egiteko aukera izango dute elkarteko bazkideek. Astelehenetan eta asteazkenetan kakorratza eta puntua landuko dituzte Begoñarekin, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Astearteetan eta ostegunetan, berriz, margolanak egingo dituzte Xebasekin, 17:00etatik 19:00etara. Azkenik, astearteetan eta ostiraletan, gurutze-puntua eta 'vainica' ikastaroa egiteko aukera izango dute jubilatuek Jaionerekin, 15:00etatik 17:00etara. Irailaren 21ean eta 28an izango da ekintza horietan izena emateko aukera; 25 euro ordaindu beharko da.

Ekintza horiez gain, bingoa ere antolatuko dute Plaza Ondo elkarteko kideentzat. Urriaren 7an hasiko dira saioak Elkargunean, 17:00etan, eta egun indarrean duten protokoloa mantenduko dute. Era berean, elkarteko kideek jakinarazi dute biodantza saioak antolatzeko ahaleginak egiten ari dela batzordea. Bestalde, Ttipi-Ttapa izeneko ibilbide osasungarriekin jarraituko dutela ere argitu du elkarteak.

Podologo zerbitzua, asteazkenetan

Plaza Ondok jakinarazi duenez, podologoak eskaintzen zuen zerbitzu eguna aldatu egingo da urritik aurrera. Aurrerantzean, asteartean izan ordez asteazkenean izango da. Urriaren 6an hasiko dira bertan zerbitzua eskaintzen. Bulegoa ere egun horretan, asteazkena, egongo da irekita urritik aurrera, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Telefono bidez ere ordu bitarte horretan hartu ahal izango txanda podologorako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide