Gazteak eta Garapena taldeak Beningo kaleko umeen aldeko zozketa abiatu du

Andoni Elduaien 2021ko ira. 11a, 08:45

Cotonou hiriko Mama Margarita aterpean dauden umeentzat bilduko dute laguntza. Azaroaren 15eko ONCEko zenbaki sarituarekin bat datorrena txartela izango da Gazteak eta Garapena taldearen zozketaren irabazlea. Hainbat sari banatuko ditu taldeak.

Gazteak eta Garapena taldeak Beningo kaleko umeen aldeko zozketa jarri du abian. Iaz, pandemia tarteko, taldeak ezin izan zuen zozketa egin, baina aurten berriz ere zozketa martxan jartzea erabaki du. Azken urteetan, urtero antolatu izan du zozketa taldeak Salestar misioekin batera.

Aurten, bereziki, Cotonou hiriko Mama Margarita aterpean dauden umeentzat bilduko dute laguntza; izan ere, haien egoera ekonomikoa "kritikoa" dela adierazi du Gazteak eta Garapena taldeak. Floreaga ikastetxeko zenbait gazte hasiko dira egunotan zozketako txartelak saltzen. Era berean, Gazteak eta Garapena taldeko zenbait lagun ere arituko dira herriko kaleetan txartelak saltzen ostegun arratsaldeetan.

Hainbat sari banatuko ditu taldeak, hala nola Igor Zubeldia Realeko futbol jokalari azkoitiarrak sinatutako kamiseta, Imanol Aleson mendi lasterkari azkoitiarrak sinatutako kamiseta, Miguel Angel Zubizarreta Bolante eta Maite Agirre Krispin margolari azkoitiarrek egindako koadro bana, Joseba jatetxean bi lagunentzako otordua, Elikagune taldeak emandako janari saskia eta Xoxote artzain gazta.

Sari horiek irabazle bakar batentzat izango dira, eta taldeak azaldu du Kale Nagusiko Sabinoren harategian egongo direla guztiak ikusgai. Azaroaren 15eko, astelehena, ONCEko zenbaki sarituaren azken lau zenbakiekin bat datorren txartela sarituko du taldeak. Erreserbako zenbakia, berriz, ONCEk hurrengo egunean sarituko duen zenbakiarekin bat datorrena izango da.