AEK-k abian du 2021-2022 ikasturteko matrikulazioa

Andoni Elduaien 2021ko ira. 11a, 08:45

Ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak eskainiko dituzte AEKn. Autoikaskuntza saioak eta online ikastaroak ere emango dituzte, baita Mintzalagun taldeak antolatu ere.

AEK-ko euskaltegi guztietan bezala, Azkoitiko AEKn ere zabaldu dute 2021-22 ikasturterako matrikulazioa. "Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko", azaldu dute Azkoitiko euskaltegiko arduradunek. Ikasturte berriari begira, ziur daude arduradunak "iazko esperientziatik" abiatuta eta pandemiaren bilakaeran "aurreikusten den hobekuntza" tarteko, 2021-2022 ikasturtean euskaltegira hurbiltzen diren herritarrek "inguru seguruago bat" topatuko dutela adierazi dute.

Urrian hasiko den ikasturtean ohiko ikastaroak eskainiko ditu AEK-k, betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta. Hala, aurrez aurreko taldeen bitartez ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak eskainiko dituzte. Autoikaskuntza saioak eta online ikastaroak ere emango dituzte, baita Mintzalagun taldeak antolatu ere. "Etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan egoera hobetzeko eta bilatzen ari diren euskara maila ezagutzeko, herritarrek aukera ugari dute Azkoitiko AEKn".

Informazioa eskatzeko edota izena emateko, Kultur Etxeko laugarren solairuan duten bulegoan izango dira astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara. Ostiraletan, berriz, 10:00etatik 13:00etara egongo dira bulegoan. 943-15 10 89 edo 607 61 26 97 telefono zenbakietara deitu edota azkoitia@aek.eus e-postara idatz dezakete interesa dutenek.