Azken bi bisita gidatuak eskainiko dituzte asteburuan Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 6a, 09:16

Aurten egindako bisita gidatuetako bat. (Argazkia: udala)

943-15 18 78 telefono zenbakira deitu, i-loiola@urolaturismo.eus e-posta idatzi edota Loiolako turismo bulegora joan beharko da bisita gidatuetan izena emateko. Azkoitiko herriaren oinarriak eta mudejar artea ezagutu ahalko dira larunbatean eta igandean.

Asteburuan bi bisita gidatu eskainiko dituzte Azkoitian. Larunbatean izango da lehena, eta igandean bigarrena. Hain zuzen ere, larunbatean Azkoitiko San Martin eta Baldako Santa Maria, Gipuzkoako hiribildu baten oinarriak bisita gidatua egingo dute. Bi ordu inguru iraungo du bisitak, eta Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren ataritik abiatuko dira parte hartzaileak.

Igandean, berriz, Azpeitia, Loiola eta Azkoitia arteko mudejar artearen ibilbidea bisita egiteko aukera egongo da; hiru ordu inguru iraungo du ibilbideak. Kasu honetan ere, ibilaldia Azkoitiko parrokiaren ataritik hasiko dute. Bi bisita gidatuetan izena emateko, 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu, i-loiola@urolaturismo.eus e-posta idatzi edota Loiolako turismo bulegora joan beharko da.

Uda sasoirako hainbat bisita gidatu antolatu zituen Iraurgi Berritzenen turismo sailak ekainetik irailera bitartean egiteko. Aurtengo bisitak Ignaziotar Urtearen testuinguruan antolatu zituzten, Loiola bailara: Loiolako Iñigo, bere garaia eta lurraldea izenburupean. Izan ere, aurtengoa Ignatius 500 ignaziotar urtea da.

Guztira hamabi bisita mota izan dira 31 saiotan banatuta, eta bailarako hainbat txoko nahiz istorio ezagutzeko aukera izan da. Gehienak Loiolan egin badituzte ere, beste batzuk Azkoitian, Azpeitian, Zestoan, Aizarnan eta Aizarnazabalen ere eskaini dituzte. Vicente Davila Zestoako historialaria arduratu da bisitak gidatzeaz. Bisita guztiak, gainera, doakoak izan dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide