Herrian izan diren azken "txikizioak" salatu ditu udalak

Andoni Elduaien 2021ko ira. 3a, 11:52
Parke estaliko zuhaitza inguratzen duen eserlekua, puskatuta. (Argazkiak: udala)

Azken egunotan, herriko hainbat gunetan jazo diren "txikizioak" salatu ditu udalak, besteak beste, bidegorrian edota Gaztanenea parkean. "Borondate txarrez egindako eta gizalege gutxi erakusten duten ekintzak dira", azaldu du udalak. Udaltzaingoa gertaerak ikertzen ari da, baina momentuz ez du egileak identifikatzerik lortu.

Azkoitiko Udalak azken egunetan herrian gertatutako "txikizioak" salatu ditu. Erakundeak jakinarazi duenez, herriko hainbat gunetan jazo dira gertaerak, hala nola bidegorrian, Gaztanenea parkean eta Altzibar auzoko Anaitasuna plazan.

Udalaren arabera, hainbat izan dira "okerkeriak". Gaztanenea parke estaliko estalkia zulatuta agertu da, eta bertako kautxuzko lurra zatituta dago gune batzuetan. Halaber, kaltetua izan da bertan dagoen kulunketako bat; hain zuzen ere, aniztasun funtzionala duten haurrek erabil dezaketen kulunkari uhalak kendu dizkiote. Udalak azaldu du, "aurretik gutxienez beste bitan" konpondu behar izan dutela kulunka antzeko gertaeren ondorioz. Gune berean, parkeko zuhaitz bat inguratzen duen eserlekua ere puskatu egin dute.

Anaitasuna plazan, berriz, zuhaitz bat ihartu egin da. Udalaren hitzetan, pozoitu egin dute arbola, "pozoia sartzeko egindako zuloak bistan" baitaude. Era berean, Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorrian barandaren eskubanda hautsita agertu da tarte batean; zehazki, Juinetik Berrosueta baserrira bitarteko baranda bat izan da kaltetua. Udalak "gizalegez" jokatzeko eta guztionak diren espazio publikoak zaintzeko eskatu du, "gainontzeko herritar guztiekiko eta elkarbizitzarekiko errespetuagatik". Horren haritik, jakinarazi du Udaltzaingoa azken egunetan jazotako gertaera guztiak ikertzen ari dela, baina oraingoz ez duela lortu egileak identifikatzea.

Hona hemen udalak helarazitako zenbait argazki:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide