Txaro Juaristi: "Beharra zegoela erakusten digu izan duen harrerak"

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2021ko ira. 3a, 12:00
Txaro Juaristi.

Txaro Juaristik duela urtebete merkaturatu zuen Emili arropa marka, janzteko besteren laguntza behar dutenei zuzenduta. "Harrituta eta pozik" dago izan duen harrerarekin. Gipuzkoako Hitzarako Aitziber Arzallusek egindako elkarrizketa da honakoa.

Txaro Juaristik (Azpeitia, 1959) sortutako Emili arropa markak urtebete pasatxo darama merkatuan. Janzteko eta eranzteko zailtasunak dituzten eta besteren laguntza behar dutenentzako arropa sortzen eta saltzen du, bere ama zenaren izen bereko markapean. “Harekin bizitakoaren ondorio baita proiektua, eta baita hari omenaldia egiteko modu bat ere”. Urtebete honetan merkaturatu dituzten produktuek izan duten harrerarekin “oso pozik” dagoela aitortu du. Elle aldizkariak eta IE Business Schoolek negozio eredu berrien inguruan antolatutako lehiaketan bost onenen artean gelditu da Emili.

Nola sortu zitzaizun Emili arropa marka sortzeko ideia?

Gure amak, azkeneko urteetan, mendekotasun maila altua zuen, arropak janzten eta eranzten lagundu egin behar izaten genion, eta oso momentu zailak izaten ziren, estres handikoak, bai mendekotasuna duen pertsonarentzat, bai zaintzailearentzat. Eta izaten ziren egunak bizpahirutan egitea egokitzen zitzaigunak. Arropa erosoaren bila ibiltzen ginen, baina ez zegoen aukerarik, kapak eta horrelakoak bakarrik. Orduan sentitu genuen beharrari erantzuteko nahia dago Emiliren oinarrian, egoera horretan daudenek arropa eskura izan dezaten.

Nolakoak dira Emili markako arropak?

Enborra hodi bat balitz bezala josita daukate, burutik gerriraino erraz sartzeko moduan, eta sorbaldetatik eskumuturretaraino irekitzen eta ixten diren mahukak dituzte, belkroak erabiliz. Mendekotasuna duen pertsona ia mugitu ere egin gabe jantzi daiteke.

Modaz ezer ez zenekien honetan hasi aurretik. Lan handia izan al da buruan zenuen ideia hura hezurmamitzea?

Imajinatu ere ezin nezakeen egin zenbat lan eta zenbat lanketa desberdin egitea egokituko zitzaidan. Gainera, dena oso poliki joan da, denbora librea eta oporrak-eta baliatuz. Patroiak atera, neurriak egin, moztu, oihalak aukeratu, josi, hori dena ondo egingo duen jendea topatu, denekin harremanetan jarri, haiek koordinatu…. Gauza bat egitez bukatu eta beste bat egin beharra sortzen zitzaidan, eta horrela etengabe. Mundu bat da, orain arte erabat ezezaguna niretzat, eta egia da gauza asko ikasi ahal izan ditudala, eta horrek asko bete nauela.

Kanpoko gremioen laguntzaz gain, etxekoen laguntza ere izan duzu, ezta?

Etxekoen eta familiakoen babesa hasieratik izan dut, eta webgunea egiten eta horrelako gauzetan lagundu didate, ni ez bainaiz batere abila.

Emakumezkoentzako bi blusa eredurekin hasi zineten, baina pixkanaka eskaintza zabaltzen ari zarete. Zer asmo duzue aurrera begira?

Pixkanaka-pixkanaka produktu berriak ateratzea da gure asmoa. Gizonezkoentzako alkandorak ia prest ditugu, eta buruan beste ideia batzuk ere bai. Adibidez, etxerako arropa ateratzea izan daiteke aukeretako bat, edo gazteagoentzako arropa… Baina ikusiko dugu, poliki-poliki.

Gipuzkoako Hitzak argitaratutako elkarrizketa. Jarraitu irakurtzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide