Ramon Larrañaga artzaina hil da

Andoni Elduaien 2021ko ira. 3a, 08:48
Larrañaga, Oñatiko artzain txakur lehiaketan. (Argazkiak: EHATE)

Gaur, ostirala, izango da Larrañagaren aldeko hileta elizkizuna Azkoitiko parrokian. Artzain azkoitiarrak hiru aldiz jantzi zuen Gipuzkoako Artzain Txakur Txapelketako txapela.

Ramon Larrañaga Azalgorreta artzain azkoitiarra hil da, 76 urte zituela. Urte askoan parte hartu zuen hark artzain txakur txapelketetan; izan ere, Gipuzkoako txapelketetan lehiatzen lehen artzainetako bat izan zen. Urrategi auzoko Azalgorreta baserrian jaio zen Larrañaga, eta bertan egin du bizimodua. Txikitatik egon zen artzain munduari oso lotuta, eta gustuko zuen han-hemenka izaten ziren txapelketetara joatea.

"Betidanik" gustatu izan zitzaion artzain lana azkoitiarrari. Artzain txakur txapelketetan parte hartzen hasi baino urtebete lehenago, Oñatin (Gipuzkoa) izan zen lehia ikusten, eta etxeko txakurra han ikusitakoa egiteko gai zela pentsatuta, txapelketetan parte hartzea erabaki zuen Larrañagak. Urrategiko tabernan elkartzen ziren zazpi-zortzi lagun, eta "txantxetan" Bizkaiko txapelketan parte hartzea erabaki zuen lehen aldiz.

Oñatiko txapelketan aritzeko deia jaso zuen gerora Larrañagak; izan ere, orduan artean ez zen egiten artzain txakur txapelketarik han. Deiari erantzunez, txapelketa hartan parte hartzen hasi zen artzain azkoitiarra. Lehen aldi hartan hirugarren postua eskuratu zuen. Gerora, ordea, hiru aldiz jantzi zuen Gipuzkoako txapela. Hain zuzen ere, 2001, 2005 eta 2006 urteetan. 

Larrañagaren aldeko hileta elizkizuna gaur, ostirala, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan izango da, 19:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide