Goenatxo III.a: "Aizkorari diot beldurrik handiena; denbora asko gal daiteke"

Aitziber Arzallus eta Anartz Izagirre 2021ko ira. 2a, 15:03
Goenatxo III.a harri-jasotzailea. (Argazkia: Ibon Errazu)

Kirolariak prest dira aurtengo pentatloiaren kanporaketei ekiteko. Larunbatean jokatuko dute lehen kanporaketa, hilaren 11n bigarrena eta 25ean finala, Azpeitiko zezen plazan. Sarrerak dagoeneko eros daitezke, Azpeitiko Mendizabal erretegian, hogei eurotan.

Larunbatean jokatuko dute IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan. Probaren antolatzaileek dagoeneko eman dute kanporaketa bakoitzean lehiatuko diren kirolarien berri, eta aurten, eskualdeko bost pertsona arituko dira nor baino nor gehiago. Horien artean izango da Jon Unanue Goenatxo III.a herri kirolari azkoitiarra. Harekin batera arituko da Gorka Etxeberria oriotarra, bigarren kanporaketara sailkatzeko borrokan. Horiez gain, Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo eta Xabier Urrutia lehiatuko dira. Mikel Agirre ere parte hartzekoa zen berez, baina ezbehar bat tarteko, ezin izango du.

Goenatxo III.ak (Azkoitia, 1992) lehendabiziko aldiz parte hartuko du Euskal Pentatloi Sarian. Hori dela eta, final handira iritsi nahi badu, gogor lan egin beharko du: bi kanporaketak jokatu eta gainditu beharko ditu; horixe parte hartzaile berriei jarri dieten baldintza. Azkoitiarrak aitortu du ez zeukala aurtengora aurkezteko asmorik: "Binakakoa egitea besterik ez nuen pentsatzen, baina hura bukatuta, izena emateko esaten hasi zitzaizkidan ingurukoak, eta haiek bultzatuta, animatu egin naiz. Ahalik eta ondoen prestatzen saiatu naiz, baina denbora gehiegirik ere ez dut izan. Binakakoa bukatutakoan jarri nintzen honetara; beraz, hilabete eta erdi inguruan-edo jardun dut. Nire ustez, binakakorako eta banakakorako prestakuntzak ez dute zer ikustekorik. Binakakoan serieak izaten dira, tartean atseden pixka bat hartzeko astiarekin; banakakoan, berriz, segi eta segi egin beharra dago".

"Bost diziplinetatik aizkorak ematen dit beldurrik handiena, denbora asko gal daitekeelako. Harri jasotzen topera ibilita ere ezin da kristoren alderik atera; aizkoran ondo ibiltzen denak, ordea, zulo handia egin dezake. Lan txukuna egin nahi nuke, eta noski, gustatuko litzaidake finalera iristea, baina badakit ez dela izango erraza. Bi kanporaketa jokatuko diren lehendabiziko aldia da, eta gutxi gorabeherako denbora erreferentziarik ez dugu. Beraz, ahal duguna egingo dugu, eta ea egun ona izaten dugun". 

Lehen kanporaketa gainditzen badu, bigarren kanporaketa irailaren 11n izango du, eta Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra eta Jagoba Otaegi aizarnarra izango dira proba horretan arituko diren eskualdeko beste kirolariak. Horiez gain, Julen Gabirondo, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Aratz Mugertza, Jon Gisasola Zelai V.a eta lehen probako sailkatuak arituko dira lehian.

Lehen kanporaketatik lau kirolari sailkatuko dira bigarren kanporaketara, eta bigarrenetik, sei finalera. Irailaren 25ean jokatuko dute final handia Azpeitiko zezen plazan, eta orduan erabakiko da nork eramango duen orain arte Xabier Zalduak jantzi izan duen txapela –aurten ez du parte hartuko–. Egun horretan jokatuko da IV. Euskal Pentatloi Sariaren emakumeen finala ere; Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe lehiatuko dira bertan.

Bost eratako lanak

Probaren izenak dioen bezala, bost eratako lanak egin beharko ditu kirolari bakoitzak. Lehen eta bigarren kanporaketetan, antzerako lanak egin beharko dituzte, harriari bi altxaldi eta enbor bat gorabehera. Bigarrengoan egin beharreko lanak hauek dira: ehun kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enborra ebaki, 50 kiloko txingekin hiru plaza egin eta zezen plazari korrika hamar itzuli eman. Finalean, berriz, hauek izango dira egin beharrekoak: ehun kiloko bolari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza osatu 400 kiloko harriarekin, hiru kanaerdiko moztu, 50 kiloko txingekin lau plaza osatu, eta korrika egin hiru kilometro, zezen plazari 30 buelta emanez. Azken hiru urteetan egin diren Euskal Pentatloi Sari guztiak Xabier Zaldua zumarragarrak irabazi ditu, baina aurten lehian parte hartuko ez duenez, ikusteko dago nork eskuratuko duen txapela.

Sarrerak, eskuragai

Larunbateko saiorako sarrerak dagoeneko eros daitezke Azpeitiko Mendizabal erretegian, baita Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan ere. Hogei euro balio ditu sarrera bakoitzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide