Basurdeak baserri soroetako arerio

Andoni Elduaien 2021ko ira. 2a, 10:00
Basurdeek txikitutako zelaietako bat. (Argazkiak: utzitakoak)

Basurdeek Larraskanda baserriko hiru belardi txikitu dituzte azken egunotan. Basurdeekin duten borroka "urte askotakoa" dela azaldu du Lore Larrea Larraskanda baserriko kideak, eta ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna) sindikatuaren bitartez irtenbideak bilatzeko eskaria egin du Aldundiaren aurrean.

Larraskanda baserriko hiru belardi harrotuta eta guztiz txikituta agertu dira azken egunetan. Basurdeak izan dituzte beste behin bisitan baserriko zelaietan, eta "kalte handiak" eragin dituzte; belar bolak egin ohi dituzten soroetan ezin izan dute aurten belarrik moztu, esaterako. Lore Larrea Larraskandako baserritarrak Maxixatzen.eus-i azaldu dionaren arabera, belardiak bakarrik ez, mendi sailak ere "txikitu" dizkiete basurdeek.

Baserritarrek basurdeekin duten borroka ez da oraintxeko kontua. Larrearen hitzetan, urte guztian zehar ibiltzen dira animaliok baserritarren zelaietan, eta euri pixka bat egiten duenean "orduan eta gusturago" harrotzen dituzte lurrak, horrela belardiak gehiago txikituz. Larraskandan, esaterako, azken urte hauetan guztietan jasan dituzte basurdeen kalteak. "Azken hiru-lau urtean eragin dizkigute kalteak. Aurten, eusten saiatu gara orain arte, baina basurdeek egindako azken txikizioekin, salaketa jarri behar izan dugu berriz ere. ENBA [Euskal Nekazarien Batasuna] sindikatuaren bitartez parte eman dugu Aldundian, eta ea zerbait lortzen dugun", nabarmendu du.

Baserritarrek diru laguntzen bidez jasotzen duten babesa "ez da nahikoa" Larrearen hitzetan. "Diruz laguntzen gaituzte, baina sarri diruarekin ez dira konpontzen guk jasaten ditugun kalte guztiak. Inguruotan dabilen basurde kopurua handia da, eta uxaldiak egitea eskatzen dugu, basurde kopurua neurtuagoa izan dadin. Guk ez dugu nahi animalia horiek galtzerik, baina muga batzuk jarri beharra dago basurdeek horrelako kalterik egin ez dezaten". Gainera, azken urteetan animalia basatiak ugaritzen ari direla dio Larreak. "Basurdeak, beleak eta putreak ari dira ugaritzen gure inguruan; azken horiek, gainera, bizirik dauden animaliak ari dira erasotzen. Gure etxean hiru animalia horiekin izaten ditugu arazoak, normalean. Orkatzak ere asko dabiltza, baina guri ez digute kalterik egiten".

Neurriak, askotan alferrik

Basurdeak beren etxe inguruetara hurbildu ez daitezen, Larraskandako baserritarrek "era guztietako neurriak" hartu izan dituzte azken urteetan, baina askotan ez dira nahikoa izaten. Larreak dioenez, "denetarik" egin dute azken bolada honetan basurdeak uxatzeko. "Ganadua zaintzeko makinak jarri ditugu eta trapuak gasolinarekin zein lurrinarekin bustita ere bai. Azkenaldian, ordea, foku bat ari gara jartzen etxe alboko zelaian. Han dugu artegia, eta zintzilikatuta jarri dugu foku bat kanpora begira. Fokua gau guztian piztuta edukitzen dugu basurdeak beldurtzeko, baina alferrik da. Hasiera batean beldurtzen ziren, baina dagoeneko ohitu egin dira; orain, berdin-berdin sartzen dira soroetara". Hondatu dieten belardia "baserriko onena" dela azaldu du Larreak; "pila bat" harrotu diete.

Egoera honen aurrean, ezina sentitzen dute baserritarrek. "Sekulako inpotentzia sentitzen dugu. Uxaldiak egitera etortzen dira batzuk, baina ez dute animalia akabatzen; beste leku batzuetara bidaltzen dute. Basurdea emea bada, edota horiek kumeak izanez gero, ez dituzte akabatzen, ezta basurde kumeak ikusiz gero ere. Eta noski, horiek gero denborarekin ugaldu egiten dira. Lehen, basurde helduak kume bakar batekin-eta ikusten ziren, baina, orain, jaten duten moduan janda, hiru, lau edo bost kumerekin ibiltzen dira". Basurdeekin duten kexa baserritar askorena dela dio Larraskandako baserritarrak. "ENBA sindikatua baserritarroi ahalik eta gehien ari da laguntzen, baina guk sumatzen dugu Aldundiak ez digula kasurik egiten. Bien bitartean, animaliok ugaltzen jarraitzen dute".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide