Rugui siderurgia enpresaren 25 milioi euroko erreskatea onartu du Kaudimen Funtsak

Andoni Elduaien 2021ko abu. 31a, 15:53
Rugui enpresak Basarteko industrialdean duen egoitza. (Argazkia: Nerea Uranga)
Enpresa talde honek bi lantegi ditu Hego Euskal Herrian, horietako bat Azkoitian, eta 25,03 milioiko laguntza publikoa jasoko du. Partaidetza maileguan eta mailegu arruntean banatuko dute erreskatea. Aholkulari independenteek onartu dituzte erreskate eskaera gauzatzeko beharreko baldintzak.

Azkoitian egoitza duen Rugui enpresaren 25 milioi euroko erreskatea egitea erabaki du gaur, asteartea, Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Laguntzeko Funtsaren Kontseilu Kudeatzaileak. Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak (SEPI) baieztatu du berria. Rugui enpresak kalitatezko siderurgia produktuak fabrikatzen eta saltzen ditu, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean. Enpresak Azkoitiko Basarte industrialdean du kokatuta egun bere egoitzetako bat.

Rugui enpresaren erreskatea funtsak iazko uztailetik egin duen seigarrena da. 25 milioi euroko erreskatea 13.525.000 euroko partaidetza maileguan eta 11.500.000 euroko mailegu arruntean banatu beharko dute. Enpresaren egoera ekonomikoa zein juridikoa, COVID-19ak eragindako inpaktua, bideragarritasun plana eta taldearen nahiz sektorearen bilakaera aurreikuspenak aztertu ondoren hartu du erakundeak laguntza onartzea. Era berean, aldi baterako laguntza publikoa itzuliko dela ziurtatzeko enpresak emandako bermeak ere ziurtatu ditu funtsak. Aipatutako iturrien arabera, aholkulari independenteek onetsi dituzte erreskatea egiteko beharrezkoak diren baldintza guztiak. Halaber, operazioa aztertzerakoan erakundeak kontuan hartu ditu Gaztela eta Leongo (Espainia) Enplegu eta Industria Sailak emandako irizpideak; izan ere, sail horrek lurralde horretarako Rugui taldeak duen izaera estrategikoaren aldeko txostena egin du.
 
Rugui taldea 1953. urtean sortu zen, eta Euskal Herrian nahiz Espainian ditu egoitzak. 140 milioi euro inbertitu ditu enpresak azken hamarkadan, eta salmenten %75 egiten dute atzerrian. Rugui Steel SL enpresa nagusiaz gain, taldeak zortzi filial ditu %100ean. 300 langilek dihardute enpresan lanean, nahiz eta beren jarduerak zeharkako mila lanpostu sortzen dituen.
 
Enpresak duen negozio planaren arabera, gainera, 2023an bere produktuak neutroak izango dira karbonoan. Hori horrela, mota horretako produktuak lor ditzakeen munduko lehen siderurgia taldea izan daiteke Rugui. Enpresak indukzio bidezko galdaketa labeetan oinarritutako produkzio prozesua erabiltzen du bere jarduera aurrera eramateko, eta energia elektronikoa erabiltzen du kimikoaren ordez. Horrez gain, automobilgintzak sortzen duen kalitate handiko burdinezko txatarra ere birziklatzen du.
 
Iturriek azaldu dutenez, 2019an ahuldu zen Rugui taldearen negozioa, Alemaniako merkatuaren geldialdia, Brexit-a edo Estatu Batuetako muga zergak tarteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide