Anaitasunako gizonak prest dira erronkaz betetako denboraldi berria abiatzeko

Andoni Elduaien 2021ko ira. 3a, 08:30
Iazko partida bateko irudia.

Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen gizonezkoen lehen taldeak Portugalete taldea izango du aurrean larunbatean, Txerloia futbol zelaian (17:00). Taldea prest dago iazko joko maila erakusteko eta txapelketak mutilei jarriko dizkien erronka guztiak betetzeko.

Anaitasuna futbol taldearen Hirugarren Mailako taldeak larunbatean ekingo dio 2021-2022 denboraldiari. Etxean, Txerloia futbol zelaian, hasiko du sasoi berria Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen gizonezkoen taldeak. Sasoi berria hasteko ez du aurkari samurra izango, ordea, Anaitasunak; Bigarren B Mailatik Hirugarren Mailara jaitsi berri den Portugaleterekin neurtuko ditu indarrak taldeak zapatuan, 17:00etatik aurrera.

Azken denboraldia gogoangarria izan zen Anaitasunarentzat. Espainiako Errege Kopa jokatu zuen Txerloian Getafe futbol taldearen aurka. Era berean, Hirugarren Mailan 43 puntu batuta, Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatu zen, finalerdietaraino iritsiz. Igoera faseko lehen kanporaketan Pasaia hartu zuen mendean, baina bigarren kanporaketan ezin izan zuen mailaz igotzea lortu zuen Sestao River garaitu, Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas zelaian.

"Erronka politak" aurretik

Portugalete izango du aurkari lehen jardunaldian Anaitasunak. Xabier Artetxe Anaitasunako entrenatzailearen hitzetan, denboraldi "erakargarria" du aurretik Anaitasunak. "Bigarren B Mailatik talde oso indartsuak jaitsi dira Hirugarren Mailara, hala nola Portugalete, Leioa, Barakaldo eta Alaves B. Horietako batzuk, gainera, Bigarren B Mailan urte onak egindakoak dira. Lehendik Hirugarren Mailan dauden beste zenbait talde batuz gero, oso indartsua izango da aurten multzoa", azaldu du Artetxek. Hirugarren Maila "iazkoa baino gogorragoa" izatea aurreikusten du entrenatzaileak. "Multzo bakar batean arituko gara talde guztiak, eta horrek erakargarriagoa egiten du txapelketa, talde guztiek guztien kontra jokatuko dutelako. Aurretik duguna oso erronka polita da gurea bezalako talde batentzat".

Portugalete Hirugarren Mailan " beti goian" ibili den taldea dela dio azkoitiarrak, eta teorian, aurten ere horrela ibiliko dela uste du. "Iaztik bi jokalarik-edo jarraitzen dute bakarrik taldean, talde berria osatu dute. Halere, fitxatu dituzten jokalariak onak dira, Bigarren B eta Hirugarren mailetan urte onak egindakoak. Ziurrenik hobeto izango da guretzat horrelako talde baten aurka indarrak txapelketaren hasieran neurtzea, posible baita jokalariak elkar ezagutzen eta taldea entrenatzaileak nahi duen jokora egokitzen aritzea.

Taldearen helburua mailari eustea dela azpimarratu du Artetxek. "Iaz, oso denboraldi ona egin genuen eta igoera faseko finalerdietaraino iritsi ginen. Halere, horrek ezin gaitu itsutu, eta ezin du gure helburu nagusia aldatu. Gure bidea zein den jakin behar dugu, bestela gaizki pasatuko dugu". Mailari eusteaz gain, zaleei Lagun Onaken aurkako derbiak eskaini nahi dizkiete. Iaz, gainera, Anaitasuna izan zen Gipuzkoako taldeen artean urrutien iritsi zen taldeetako bat, eta aurten non kokatuta dauden ikustea ere erronka "polita" izango dela aitortu du Artetxek.

Xabi Artetxek bere lan talde guztiarekin batera beste urte batez luzatu du kontratua Anaitasunarekin. Lantalde teknikoan alboan izango ditu Iraitz Korta bigarren entrenatzailea, Iosu Osa prestatzaile fisikoa, Mikel Astigarraga atezainen entrenatzailea eta Xabi Andreu analista. Gainera, talderako lau fitxaketa egin ditu Anaitasunak: Alex Rodriguez hegalekoa, Dani Marin erdilaria, Mikel Agirre aurrelaria eta Mikel Azkoiti atzelaria. Mikel Arzalluzek, Josu Zubizarreta Rubiok, Markel Ilzarbek, Jon Arandak eta Julen Guillok, bestalde, ez dute Anaitasunan jokatuko datorren denboraldian. Artetxeren arabera, baja garrantzitsuak izan ditu taldeak, baina "gustura" dago osatu den taldearekin. "Mikel Arzalluz Bigarren B Mailako Arenas taldera joan da, eta iaz denboraldi ona egin zuen Aitor Barbarin, berriz, lesionatuta dago. Fitxaketa batzuk egin ditugu, kontuan hartuta gure indarrak etxean egon behar duela. Fitxaketekin eta lehen taldearen dinamikan sartu diren herriko jokalariekin, taldearen lehiakortasuna igotzea nahi izan dugu. Halere, eguneroko lanarekin eta kalitatezko entrenamenduekin lortuko ditugu asteburuetan lehiatzea eta puntuak batzea".

Berriz ere jarraitzaileekin

Iaz ez bezala, Anaitasunak alboan izango ditu aurten jarraitzaile gorrixek. Artetxek dio zaleek taldearekin "ahalik eta gehien gozatzea" nahi dutela. "Zaleen aurrean arituko gara berriz ere, eta oso erakargarria da hori guretzat. Azken denboraldia oso ona izan zen, eta ikaragarri gozatu genuen. Orduan ez genituen izan alboan jarraitzaileak, baina ziur gaude aurten Txerloiara eta Euskal Herriko beste zelaietara joateko gogotsu egongo direla. Gainera, badakigu jende asko dagoela larunbateko partida iristeko zain, eta ziur gaude asko bultzatuko gaituztela".

Egungo egoera dela-eta, legediak baimendutako kopurua sartuko da Txerloia futbol zelaian; zehazki 350 lagun. Klubak jakinarazi duenez, zaleek ezingo dute partida zutik ikusi eta harmailetan maskara jantzita izatea derrigorrezkoa izango da. Era berean, zelaira sartzerakoan eskuak garbitzeko nahiz pertsonen arteko distantzia mantentzeko eskatu du Anaitasunak. Txerloiako ateak 16:00etan irekiko dituzte larunbatean, eta 16:45ak arte lehentasuna bazkideek izango dute. Ordutik aurrera, sarrerak saltzen hasiko da kluba; ateak Txerloiaren edukiera bete arte egongo dira irekita.

Umeen kasuan Anaitasunak ez da ohiko prozedura jarraituko. Neurketa hasi aurretik zelaira sartu nahi duten haurrek sarrera erosi beharko dute, lehentasuna bazkideek izango baitute. Partida hasitakoan Txerloiaren gehienezko edukiera ez badago beteta, umeek zelaira doan sartzeko aukera izango dute.

Pasa den urteko ezohiko egoera tarteko, 2020-21 denboraldian bazkide izan ziren bazkide orokorrek 30 euro ordaindu beharko dute urteko kuota, eta, aldiz, jubilatuek, langabetuek eta 25 urtetik beherako jarraitzaileek 20 euro. Iaz bazkide izan ez ziren bazkide orokorrek, ostera, 90 euro ordaindu beharko dute, eta 50 euro jubilatuek, langabetuek eta 25 urtetik beherakoek. Larunbatean Txerloiara sartzeko nahitaez erakutsi beharko da 2021-22 denboraldiko bazkide txartela. Txartel berria eskuratu ahal izateko bi aukera eman ditu klubak. Batetik, gaur, ostirala, Txerloian jaso ahalko da txartela 18:00etatik 19:00etara bitartean; eta bestetik, bihar, larunbata, klubeko ordezkariak Kontzejupen izango dira 11:00etatik 12:30era bitartean, txartelak banatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide