Bihar berrezarriko dute TAO sistema herrian

Andoni Elduaien 2021ko abu. 31a, 08:06

Aparkatzea doakoa izango den arren, ibilgailuen jabeek TAOaren txartela atera beharko dute ezinbestean herriko bi gunetan aparkatu ahal izateko, eta denbora mugatua izango dute.

Abuztuan indargabetuta egon ondoren, bihar, irailak 1, TAO sistema berrezarriko dute herrian. Herriko bi lekutan dago TAO sistema: bata, Joseba jatetxearen aurreko aparkalekuan, eta bestea, Plazaberrin. Aurrerantzean, beraz, bi gune horietan aparkatzeko txartela atera beharko da astelehenetik ostiralera bitartean.

Urtean zehar TAO sistema indarrean egon ohi da bi leku horietan. Gune horietan ibilgailua uztea doakoa bada ere, denbora mugatua izan ohi da. Astelehenetik ostiralera bitartean, 09:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 20:00etara jarri behar izaten zaio TAOaren txartela ibilgailuari. Hala eta guztiz ere, ordu muga desberdinak daude ibilgailuak bi gune horietan aparkatzeko; izan ere, Plazaberrin ordu eta erdian eduki daitezke ibilgailuak aparkatuta, eta Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan lau orduan.