Anaitasuna Mendi Bazkunak Pirinioetara txangoa antolatu du irailaren 11rako eta 12rako

Anartz Izagirre 2021ko abu. 23a, 09:36

Bujarueloko haraneko irudi bat. (Jorge Carrasco)

Lehen egunean, Panticosatik San Nicolas de Bujarueloko aterpera joango dira, eta bigarrenean, handik Puente de los Navarrosera. Irailaren 8a bitartean egongo da irteerarako izena emateko aukera, Lopetegi Iturgintzan.

Anaitasuna Mendi Bazkunak ikasturtea martxan jartzearekin batera txango bat egingo du Pirinioetara. Hain zuzen ere, irailaren 11n eta 12an izango da irteera; larunbatean Panticosatik abiatuko dira mendizaleak, eta GR11n zehar San Nicolas de Bujarueloko aterperako ibilbidea egingo dute. Bide horretan, Bacias (2.754 m) tontorrera igotzeko aukera izango du nahi duenak. Igandean, aldiz, San Nicolás de Bujaruelotik berriro GR11 ibilbidea jarraituz, Puente de los Navarrosera arteko ibilbidea egingo da. Irailaren 11n 05:00etan abiatuko da autobusa Aizkibel liburutegiaren paretik.

Txangoan interesa duenak dagoeneko eman dezake izena, irailaren 8a, asteazkena, bitartean; horretarako, Lopetegi Iturgintzan egongo da aukera. Irteeraren inguruan zalantzak dituzten herritarrek, berriz, anaitasunamb@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute txangoa, eta bazkide ez direnek, 80 euro. Prezioaren barruan autobusa, aterpean afaria, lo egitea eta gosaria sartuko dira.

Anaitasunakoek parte-hartzaileei federatuta egoteko gomendatu diete, eta azaldu dute elkartea ez dela ezeren erantzule egingo.