Elosuako auzo alkatea

Iñigo Zubeldia: "Zerbitzurik gabeko auzo bat ez da sekula bizirik mantenduko"

Julene Frantzesena 2021ko abu. 12a, 09:21
Iñigo Zubeldia Elosuako auzo alkatea.

Iñigo Zubeldia Elosuako auzo alkatea (Donostia, 1970) da. Maxixatzen.eus-ek harekin hitz egin du auzoan bizi duten egoeraz nahiz martxan jarri zuten gaztelua 3D formatuan berreraikitzeko proiektuaz. Auzoa despopulatzeko mehatxua erreala dela azaldu du, eta horri aterabidea eman nahian ari direla zehaztu ere bai.

Elosuako gaztelu zaharraren 3D formatuko berreraikitzea egiteko diru bilketa egin zenuten Goteo.org-en bidez, baina ez duzue lortu. Zer egoeratan zaudete?

Finantzaketa kolektibo kanpaina jarri zuen martxan Elur Txiki auzo elkarteak Goteoren bidez, baina epea pasatuta, ez dugu lortu behar adina diru. Beraz, egitasmoa bertan behera gelditu da eta dirua itzuliko zaie ekarpena egin zuten herritarrei. Orain, diru hori lortzeko auzo ekimenak jarriko ditugu abian; izan ere, auzoan bada gaiarekiko interesa, gaztelua ikusten ez bada ere, badakigulako X. eta XII. menden artean han egon zela –dorrea eusten zuen arrokaren azterketa burutzeko egin zen garbiketan, egur habe batentzako egindako zulo batetik argamasa zati bat askatu zen, eta hari datazioa egin zitzaiolako dakigu ordukoa dela–. Gazteluaren gaineko ikerketa bat egitea ere ondo legoke, ezer garbirik ez dakigulako; ez dakigu gazteluaren funtzioa zein zen ere. Gutxienez, finantzaketa kolektiboaren egitasmoarekin, proiektuari ikusgarritasun pixka bat ematea lortu dugu.

Zer dela-eta jarri duzue martxan proiektua?

Aspalditik datorren kontua da. Aspalditik genbiltzan indusketa bat egiteko nahiarekin, baina erakundeek ez dute horretarako borondate handirik erakutsi. Horregatik erabaki genuen proiektuari eustea. Auzoan jende gutxi bizi gara; pandemia dela eta, jende gehiago etorri da, baina orain 30 bat lagunek egingo dugu lo Elosuan. Auzoaren dekadentzia ikusita –desagertzear dagoen auzoa da–, zerbitzuak lortzeko borrokan aritzen gara beti erakundeekin, baina ez dugu ezer lortzen. Ikusi genuen dirua lortuz gero auzoari bultzada emateko balio zezakeela gaztelu zaharraren proiektuak.

Nondik sortu zen ideia?

Udaletxeetan [Bergara eta Azkoitia] aspaldi aurkeztu genuen plan orokorrago baten barruan sartzen da gazteluaren proiektua. Apaiz etxean albergea egin nahi genuen, turismoa sustatzeko. Horretarako, Elosuako interesguneak aztertzen hasi ginen, eta ikusi genuen gaztelua zela horietako bat. Bestalde, astronomiarekin eta turismoarekin lotutako Starlight fundazioaren ziurtagiria lortzeko hizketan aritu ginen Kanariar Uharteetako Astrofisikako Institutuarekin, baina hura ere ez zen aurrera atera. Egia esan, inguruan egin diren autobideak eta autobiak medio dagoen argiaren kutsadudarekin, orduan baino askoz ere okerrago dago orain zerua. Proiektu horiek sustatzen saiatu ginen auzoan zerbitzu bat jarri ahal izateko: taberna. Auzotarrok hori sumatzen dugu faltan. Dena den, orain lortu dugu apaiz etxea auzotarrok kudeatzea, eta hasi gara bertan hitzaldiak-eta antolatzen. Pixkanaka garatuko dugu proiektua.

Nolakoa da zerbitzurik gabeko auzo batean bizitzea?

Zerbitzurik gabeko auzo bat ez da sekula bizirik mantenduko. Umeak-eta jaiotzearekin, auzotar asko herrira joaten dira, eta auzotik alde egiten dute zenbaitek. Garraio publikorik ere ez daukagu; saiatu izan gara, baina ez dute asmorik, nahiz eta Azkoitiko Udalak eskaini izan dien Azkoitiko partean bizi diren haurrentzat garraio zerbitzua. Bergarakoek, berriz, ez dute sekula halakorik izan. Nahiko genuke, adibidez, Bergara eta Azkoitia lotuko dituen garraio zerbitzua izatea: bi herrietan daude herri barruko autobusak eta horiek balia daitezke pare bat bidaia egiteko egunean. Izan ere, halakoek lagunduko lukete Elosua pixka bat hauspotzen; munduan kokatzen eta erakargarri egiten.

Erakundeen aldetik babesgabe sentitzen al zarete?

Elosua bezalako landa eremu txikien aldeko apustu garbirik ez dute egiten instituzioek. Bergaran, adibidez, badira beste auzo batzuk, hobeto zaintzen dituztenak, herritar gehiago bizi direlako horietan: Angiozar, Osintxu edo Ubera. Elosua, berriz, aparte dago, eta oraintxe bertan plazan belarra mozteke dago eta zaborra jasotzeko. Inor ez da etortzen lan horiek egitera. Oporretan egongo dira agian, baina ziur nago Bergarako herrigunean lan horiek egiten dituztela. Utzikeria agerikoa da. Bergara aldera dagoen kantinaren inguruan, ordea, jo eta su aritzen da udala lanean; hara Bergarako jendea joan egiten da, eta...

Horretan zerikusia al du bi udalerriren arteko auzoa izateak?

Bai eta ez. Izan ere, Bergarako Udalari dagokio kasko guztia. Beraz, kaskoko lanak-eta egitea Bergarako Udalari dagokio. Baserriei dagokienez ere, uste dut 40 inguru direla Bergara aldekoak eta hamar-edo Azkoitikoak. Planak egiten dituzte, diagnosiak egiten dituzte tartean behin, baina tiraderan geratzen dira. Duela urte batzuk Berpiztu plana gauzatu zuen Aldundiak, herri guztiak parte hartu zuen diagosiaren eraketan, baina... Azkoitiko eta Bergarako udalek plaza handitu eta parke bat egin zituzten, baina listo. Plan estrategikoan, ordea, askoz ere gauza gehiago agertzen ziren. Borondate politikoa falta da. Eta argi daukat: urte gutxiren buruan, Elosuan ez da inor geldituko.

Despopulatzeko beldur al zarete?

Bai, horixe baita errealitatea. Batetik, hemen ezin da umeekin bizi, eta umerik gabe ez dago etorkizunik. Bestalde, orain 2030era begira hasi duten haragiaren kontrako kanpainarekin... Elosuako esplotazio gehienak ganaduarenak dira. Pentsa zer etorriko zaigun!

Auzoa bizirik mantentzeko aukera bakartzat duzue bisitariak erakartzea. Nola egin daiteke hori?

Jendea etorriko balitz, beste era batera jokatuko lukete erakundeek. Izan ere, Gorlara, adibidez, bergarar ugari joaten da, eta Bergarako Udalak diru pila bat gastatzen du leku horren mantenuan. Zoritxarrez, Elosua mantentzekotan kanpokoengatik mantenduko dute, ez auzotarrengatik. Horrek tristura galanta sortzen du.

Auzo elkartea martxan duzue, dena den. 

Bai, hala da. Hala ere, indar gehien egiten duen jendea Elosuakoa da, baina kalean bizi dena. Elosuar sena mantendu egin da belaunaldiz belaunaldi; hemen oso gauza politak bizi izan dituzte, eta ez orain dela urte asko. Lehen mugimendu handia zegoen auzoan, baina urte gutxitan pikutara joan da dena. Gainera, etorkizun laburrean egoerak okerrera egingo duelakoan nago. Dena den, arnasa dagoen bitartean... Ni donostiarra naiz, eta uste dut zaintzen zaituen tokia zaindu egin behar dela; ez da izango bizitzeko lekurik ederrena, akaso, baina gurea da. Komunitatean, herrigintzan eta auzolanean sinesten baduzu, ez dago etsitzerik; indarra dagoen bitartean jarraitu egin beharko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide