Ehun lagun inguru ari dira parte hartzen Azkoitiko IX. Kriket Txapelketan

Julen Imaz eta Julen Otaegi Leonet 2021ko abu. 8a, 16:14

Oteiza pilotalekuetan ari dira jokatzen Azkoitiko IX. Kriket Txapelketa. Guztira hamabi talde daude lehian, Euskal Herrikoak zein kanpotik etorritakoak. 09:00etan hasi dira partidak, eta eguna amaitu arte arituko dira jokalariak.

09:00etan hasi dira jokatzen gaur, igandea, Azkoitiko IX. Kriket Txapelketa. Egun osoan zehar jokatuko dira partidak Oteiza frontoietan, goizetik hasita eguna amaitu arte; 20:30ak aldera jokatuko da finala. Guztira, hamabi talde bildu dira Oteiza frontoietan, ia ehun jokalari inguru. Pakistandarren komunitateak parte hartuko du lehian, belar hockeyarekin batera Pakistanen gehien praktikatzen den kirola baita kriketa.

Arabako hiru talde, Azkoitiko zein Azpeitiko bina talde eta Donostiatik, Eibartik nahiz Zumarragatik etorritako talde bana dira herrian. Logroñotik eta Burgostik (Espainia) ere etorri da talde bana txapelketan parte hartzera.

Txapelketako lehen hiru taldeek garaikurrak jasoko dituzte. Gainera, banakako sariak ere banatuko dira: jotzaile, jaurtitzaile eta epaile onena ere izendatuko dituzte txapelketa amaitzean.

2019an jokatu zuten azkenekoz Azkoitiko VIII. Kriket Txapelketa, eta orduan Gasteizek jaso zuen lehen saria; Azkoitiko taldea izan zen bigarrena, eta Eibarkoa hirugarrena. Orduan, zortzi taldek hartu zuten parte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide