Hamar urte Karitateko mojarik gabe

Andoni Elduaien 2021ko abu. 13a, 09:29
Karitateko mojen hasierako janzkera irudian ageri direnek dutena bezalakoa zen. (Argazkiak: artxiboa)

Aurten beteko dira hamar urte Karitateko mojek Azkoitia utzi zutenetik. 144 urte egin zituen ordenak herrian; hain zuzen ere, 1867. urtetik 2011. urtera artean egon ziren moja horiek Azkoitian. Hezkuntza, sorospena eta behar handiena zuten herritarrei laguntzea izan ziren beren eginkizun nagusienak.

144 urte Azkoitian bizi ondoren, duela hamar urte, 2011ean, Azkoitia utzi zuen Karitateko Alaben ordenak. Erlijio bokaziorik nahiz erreleborik ez zegoelako egin zuten herria uzteko hautua mojek. Mertxe Urreta, Trinidad Arratibel, Arantza Egiguren, Maria Jesus Ruiz de Gauna, Margari Odriozola eta Mari Jose Eizagirre Ama Nagusia izan ziren Azkoitian egon ziren azken sei mojak. Lehen biek 37 urte egin zituzten azkoitiarren artean, zortzina urte Egigurenek eta Eizagirrek, eta launa Ruiz de Gaunak eta Odriozolak.

San Jose egoitza inauguratu zuten eguneko irudia.

Baina nola iritsi zen duela 154 urte Karitateko Alaben ordena Azkoitira? Miserikordiaren Etxeko eginkizunak asko izan dira, baina ospitalearen funtzioak bete zituen nagusiki lehen urteetan. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko historialariak 1984. urteko andramaixetako programan kontatutako pasartearen arabera, Miserikordiaren Etxeari egiten zaion lehen erreferentzia 1586ekoa da, nahiz eta eraikin hura orduan Udalaren Patronatua izenarekin zen ezaguna herrian. 

Azkoitiko Miserikordiaren Etxea, eskuinean.

1557. urteko erabaki baten ondorioz, eraikin hark beste bide bat hartu zuen. Maria de Aramburu izeneko emakume batek bere ondasunentzat hiru aukera posible eman zituen testamentuan. Batetik, mojentzako monasterio bat eraikitzea, eta bestetik, bere ondasunak herriko ospitaleari ematea. Dena den, bi aukera horietako bat lau urtean betetzen ez bazen, ordea, ondasunak Elgoibarko (Gipuzkoa) Santa Klara komentuari ematea proposatu zuen. Azkenean, ondasunak ospitalerari eman zizkioten, eta 1561. urtean Iruñeako gotzainak ospitale berri bat egiteko mandatua egin zuen. Herriko hainbat lagun ezagunek dohaintzak egin zizkioten ospitaleari, eta modu horretan, hazten joan zen erakundearen dirua. Aldi berean, behartsuei laguntzeko beste gune bat ere bazegoen Azkoitian; han garia edo janari errazioak banatzen zituzten. 

Karitateko mojek Azkoitian 125 urte egin zituzteneko ospakizun mezako irudia.

Ospitaleak XVIII. mendera arte jardun zuen martxan; harik eta lehen arazoak hasi ziren arte. 1753an, Alcibar eta Areizaga jaunek ospitalearen arazoen berri eman zioten udalari. Herrian beharra zuen jende asko zegoela kontuan hartuta, ospitalea Miserikordiaren Etxea izatea proposatu zioten erakundeari. Urte hartan bertan onartu zuen udalak akordioa, eta behartsuei eta adineko herritarrei laguntza ematen jardun zuten Miserikordiaren Etxean. 

Mojen iritsiera

Miserikordiaren Etxea hobetzeko lanak ere egin zituzten, baina 1859. urterako erabat hondatu zen eraikina. Miserikordiaren Etxe berri bat eraikitzeko saiakerak ere egin zituen orduko alkateak, baina ez zuen lortu. 1866an, ostera, Don Esteban Hurtado de Mendoza alkateak lehen urratsak eman zituen Karitateko Alaben ordena Miserikordiaren Etxean kokatzeko, eta aurrera egitea lortu zuen. 1867an, lau mojen kontratu-eskritura egin zuten Madrilen, eta dokumentu hartan jaso zuten nahitaezkoa zela moja euskaldun bat joatea Azkoitiko Miserikordiaren Etxera bizitzera. Tolosatik lau moja etorri ziren Azkoitira, baina herrira iritsi aurretik, Ama Nagusiak Azkoitiko Miserikordiaren Etxea berritzeko hainbat lan egin zituen; besteak beste, kapera eraikin barruko patiora eraman, nesken eskola prestatu eta mojentzako gelak eraiki.

Herrian 125 urte egitean, omenaldia egin zieten mojei Floreagan.

1867. urtetik 2011. urtera bitartean egon ziren Karitateko mojak Azkoitian; 144 urte luze. Mojak Azkoitira iritsi zirenean hiru ardatz izan zituzten: hezkuntza, sorospena eta behar handiena zuten herritarrei laguntzea –bereziki behartsuei eta adinekoei–. Hori dela eta, berehala integratu ziren Azkoitian. 1992. urtean, gainera, Azkoitiko Udalak herriko alaba kutun izendatu zituen Karitateko mojak. Guztira, 89 moja bizi izan ziren Miserikordiaren Etxean nahiz San Jose egoitzan.

1981. urtera arte egon ziren Karitateko mojak Guardia kalean zegoen Miserikordiaren Etxean. Urte hartan bertan, baina, San Jose egoitzara lekualdatu ziren; izan ere, egoitza orduan jarri zuten martxan, eta han jarraitu zioten lekaimeek beren bideari. Miserikordiaren Etxea ez zegoen egoerarik onenean, eta 1984. urtean eraitsi egin zuten eraikina. Elijiosoek beste pare bat urtez jarraitu zuten San Jose ikastetxean, 1982-1983 ikasturtearen amaieran ikastetxea Salestarren Floreaga ikastetxearekin elkartu zen arte. 

Azkoitiko alaba kutun izendatu zituzten Karitateko mojak. Irudian, 1992ko San Roke egunean.

Azkoitian 144 urte igarota, Mojek duela hamar urte utzi zuten, beraz, herria. Herriari oso eskertuta joan ziren, eta hainbat herritarrek ere esker hitzak izan zituzten haientzat. Horren erakusle da 2011ko irailaren 18an herritarrek mojei agur omenaldia egin izana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide