Goenatxo III.ak IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa jokatuko du irailaren 4an

Anartz Izagirre 2021ko abu. 5a, 08:45
Goenatxo IIIa. Binakako II. Euskal Pentatloiaren kanporaketan (Tolosaldeko Ataria)

Azpeitiko zezen plazan izango da lehen kanporaketa, eta proba horretatik lau kirolari sailkatuko dira irailaren 11n jokatuko den bigarren saiora. Finala irailaren 25ean izango da. Guztira, eskualdeko bost pertsonak parte hartuko dute aurten sariketan.

Datorren irailaren 4an izango da IV. Euskal Pentatloi Sariaren lehen kanporaketa, Azpeitiko zezen plazan. Probaren antolatzaileek dagoeneko eman dute kanporaketa bakoitzean lehiatuko diren kirolarien berri, eta aurten, eskualdeko bost pertsona arituko dira nor baino nor gehiago lehian; tartean, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra. Lehen kanporaketan arituko da azkoitiarra bigarren kanporaketara sailkatzeko borrokan, baita Gorka Etxeberria oriotarra ere. Horiez gain, Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Xabier Urrutia eta Mikel Agirre izango dira lehen proban.

Bigarren kanporaketa irailaren 11n izango da, eta Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra eta Jagoba Otaegi aizarnarra izango dira proba horretan arituko diren eskualdeko kirolariak. Horiez gain, Julen Gabirondo, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Aratz Mugertza, Jon Gisasola Zelai V.a eta lehen probako sailkatuak arituko dira lehian.

Lehen kanporaketatik lau kirolari sailkatuko dira bigarren kanporaketara, eta bigarrenetik, sei finalera. Irailaren 25ean jokatuko dute final handia Azpeitiko zezen plazan, eta hor erabakiko da nork eramango duen orain arte Xabier Zalduak jantzi izan duen txapela –aurten ez du parte hartuko–. Egun horretan jokatuko da IV. Euskal Pentatloi Sariaren emakumeen finala ere; Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe lehiatuko dira bertan.

Ohiko lanak probetan

Iazko txapelketan bezala, bosna lan egin beharko ditu parte hartzaile bakoitzak finalera sailkatzeko: ehun kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriarekin plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enborra ebaki, 50 kiloko txingekin hiru plaza egin eta zezen plazari korrika hamar itzuli eman. Finalean, aldiz, lan bikoitza egin beharko dute sei finalistek: ehun kiloko bolari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza osatu 400 kiloko harriarekin, hiru kanaerdiko moztu, 50na kiloko txingekin lau plaza osatu, eta korrika egin hiru kilometro, zezen plazari 30 buelta emanez.

Azken hiru urteetan egin diren Euskal Pentatloi Sari guztiak Xabier Zaldua zumarragarrak irabazi ditu, baina aurten lehian parte hartuko ez duenez, ikusteko dago nork eskuratuko duen txapela. Joan zen urteko beste finalistak Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares izan ziren, eta Gabirondorentzat eta Arria V.arentzat izan ziren bigarren eta hirugarren postuak. Gabirondo aurten ere lehian izango da, baina Arria V.a ez, erretiroa hartu baitzuen duela gutxi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide