Organo erromantikoaren nazioarteko ikasleak Azkoitian izan dira

Andoni Elduaien 2021ko abu. 4a, 13:40

Nazioarteko 25 organo ikasle izan dira goizean parrokiko organoaren historia, eta nola ez, bere soinua bertatik bertara ezagutzen. 10:30etik 13:00etara bitartean egon dira Azkoitian.

Organo Zikloari hertsiki lotuta dagoen Organo Erromantikoaren XXXVIII. Nazioarteko Ikastaroa herenegun astelehena, hasi zen. Ikastaroa Donostian egiten ari badira ere, Gipuzkoan zehar dauden organoak ere ari dira ezagutzen ikasleak, eta gaur, asteazkena, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan dagoen Cavaillé-Coll organoa ezagutu dute. Nazioarteko 25 ikasle izan dira Azkoitian, hala nola alemaniarrak, frantziarrak, belgikarrak, kroaziarrak, espainiarrak eta euskal herritarrak. 

Iaz bertan behera gelditu zen ikastaroa COVID-19ak eraginda, baina aurten berriro ekin diote ikastaroari. Organo Zikloarekin batera ari dira egiten ikastaroa, eta Thomas Ospital Parisko Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasle euskalduna ari da ikasleak gidatzen. 

Ikasleek bidelagun izan dituzte Esteban Elizondo eta Jose Luis Frantsesena organo jotzaileak. Hasieran organoaren inguruko hainbat azalpen eman ditu Elizondok parrokian, eta ondoren, organoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ikasleek Frantsesenaren eskutik. Arlo teknikoagoetan sartu da Ospital; izan ere, ikastaroaren helburua da jatorrizko Cavaillé-Coll organoen soinua bertatik bertara ezagutzea, gero beren herrialdeetan interpretatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide