Hamar taldek parte hartuko dute igandean Azkoitiko IX. Kriket Txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko abu. 4a, 08:45
2019an Oteiza frontoietan jokatutako txapelketako irudia.

Asteburuan kriketa jabetuko da Oteiza pilotalekuez. Bederatzigarren aldiz jokatuko dute kriket txapelketa herrian. Guztira hamar taldek parte hartuko dute igandean, Azkoitian.

Datorren igandean, abuztuak 8, Azkoitiko IX. Kriket Txapelketa jokatuko dute Oteiza frontoietan. Guztira hamar taldek parte hartuko dute Azkoitian. Pakistandarren komunitateak parte hartuko du lehian, belar hockeyarekin batera Pakistanen gehien praktikatzen den kirola baita kriketa.

Arabako hiru talde, Azkoitiko zein Azpeitiko bina talde eta Donostiatik, Eibartik nahiz Zumarragatik etorritako talde bana izango dira herrian. Udalak jakinarazi duenez, Logroñoko eta Madrilgo (Espainia) zenbait taldek ere eskatu dute txapelketan parte hartzea, baina azkenean ez dira Azkoitian izango.

Oteiza frontoietan dagoen pilotaleku luzean jokatuko dituzte igandean partida guztiak; goizez zein arratsaldez jokatuko dira partidak. 09:00etan hasiko dira lehen partidekin, eta arratsaldean segiko diote lehiari. Finala, berriz, 20:30 aldera jokatzea aurreikusi dute. 

Txapelketa amaitu ondoren, hainbat sari banatuko dituzte. Hain zuzen ere, lehen hiru taldeek garaikurrak jasoko dituzte. Banakako sariak ere emango dituzte, ordea; izan ere, txapelketako jotzaile onena eta jaurtitzaile onena ere garaikurrekin sarituko dituzte.

2019an jokatu zen azkenekoz Azkoitiko VIII. Kriket Txapelketa, eta orduan Gasteizek jaso zuen lehen saria; Azkoitiko taldea izan zen bigarrena, eta Eibarkoa hirugarrena. Zortzi taldetan banatuta, 50 jokalari baino gehiagok parte hartu zuen orduan Oteiza frontoietan. Aurten, beraz, handiagoa izango da parte hartzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide