Irailetik abendura bitarteko ikastaroen berri eman du Gazteriak

Andoni Elduaien 2021ko abu. 2a, 09:00
Brikolajea izango da Teknogunean eskainiko dute ikastaroetako bat.

LH, DBH zein hortik gorako ikasleentzako Elkargunean eskainiko dituzten saioak zein izango diren jakinarazi du Gazteriak. Besteak beste, bideo-jokoen diseinuaren, brikolajearen, marrazketa digitalaren eta kirolerako praktika onen inguruko ezagupenak jaso ahalko dira ikastaroetan.

Gazteria zerbitzuak bultzatuta, Abarketatxo ludotekak, Artxamendi Topalekuak eta Gazteria bulegoak irailetik abendura bitartean Elkarguneko Teknogunean eskainiko dituzten ikastaroen berri eman dute. "Jolasteko, pentsatzeko, ikasteko, lagunak egireko, trebatzeko, eta gozatzeko" ikastaroak izango direla adierazi dute saioen bultzatzaileek. 

Ikastaro ugari prestatu dituzte datozen hilabeteetarako. Kodekari lotuta, robotika ikastaroa eskainiko dute LH4tik DBH4ra bitarteko ikasleentzat. Bideojokoen diseinua, marrazketa artistikoa eta ilustrazio ikastaroa ere emango dituzte Elkargunean; manga, anime, komikiak eta beste hainbat eratako diseinuak egiten ikasteko saioak izango dira horiek. Era berean, 3D eta collage erako marrazketa digitalak egiten ere ikasi ahalko dute LH4tik DBH4ra bitarteko gaztetxoek zein 16 urtetik gorako herritarrek. 

Eskuzko lantegia ere prestatu dute Tekngonuean, eskulanak eta brikolajea egiten irakasteko. Eskulanetan, LH4tik DBH4ra bitarteko ikasleek nahiz 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute. Brikolajeko ikastaroan, berriz, DBH1etik DBH4ra artekoek eta 16 urtetik gorakoek. 3dika irudi eta soinu ikastaroa ere izango da. Ikastaro horietan LH4tik DBH4ra bitartekoek zein 16 urtetik gorakoek eman ahalko dute izena. 16 eta 18 urte bitarteko lagunenzat, bestalde, kirolean praktika onak sustatzeko ikastaroak izango dira Elkargunean, hala nola ciclynga, muskulazioa, total traininga eta eskalada ezagutzeko. Sareen erabilera kontrolatzeko ikastaroan, ostera, LH4tik DBH4rako ikasleek nahiz familiek parte hartu ahalko dute.

Dronaren legedia eta haren erabilera zein den ere azalduko dute horretarako prestatutako ikastaroan, eta DBH1etik DBH4ra bitarteko lagunek eman ahalko dute izena. Halaber, errealitate areagotuaren ikastaroa –LH4tik LH6rako ikasleentzat–, maskulinitatea –LH4tik LH6rako ikasleentzat– eta autodefentsa –DBH1etik DBH4rako ikasleentzat– ikastaroak ere izango dira Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide