Udako baratze ederrenak aukeratzeko lehiaketa, martxan

Andoni Elduaien 2021ko abu. 1a, 09:00

Irailaren 26ra arte izango dute baratzeen erabiltzaileek lehiaketan parte hartzeko aukera. Uztailaren 1etik aurrera ateratako argazkiak bidali beharko dira nahitaez. Hainbat sari banatuko ditu Ekoguneak.

Udako baratze ederrenak aukeratzeko, Ekoguneak martxan du II. Udako baratze ederrenak lehiaketa. Azkoitia Baratze Parke Sareko kidea da, eta bertan baratzea duten azkoitiarrek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, nola lehiakide bezala hala botoa emanez. 

Lehiakide moduan parte hartu ahal izateko, udal baratzeen erabiltzaileek hiru argazki bidaltzeko aukera izango dute. Argazkiak baratzeparkea@ekogunea.eus e-postara bidali beharko dira, baina horiek aurtengo uztailaren 1etik irailaren 26ra bitartean egindakoak izan beharko dute. Era berean, parte hartzaileak argazkiekin batera bidali beharko ditu bere izen-abizenak, telefono zenbakia, baratzea duen parkearen izena, lursail zenbakia eta lursailari buruzko idatzi labur bat. 

2021eko urriaren 13an jakinaraziko ditu Ekoguneak bere webgunean irabazleen izenak. Lehiaketaren irabazleak 80 euroko balioa duen saskia jasoko du; bigarren sarituak 60 euroko balioa duen saskia; eta hirugarrenak 40 euroko balioa duen saskia. Lehiaketan botoa ematen duten guztien artean, gainera, 30 euroko balioa duten bi saski zozkatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide