Abuztuan TAO sistema ez da indarrean egongo Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko abu. 1a, 09:00
Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuko TAOaren makina.

Abuztuan ibilgailuei ez zaie txartelik jarri beharko Plazaberrin edota Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan, eta doakoa izango da bi leku horietan ibilgailua uztea denbora mugarik gabe.

Gaurtik irailera bitartean TAO sistema indargabetu egingo du Azkoitiko Udalak, eta hori horrela, Plazaberrin nahiz Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan ibilgailuei ez zaie TAOaren txartelik jarri beharko. Abuztuaren 1etik 31ra arteko neurria da, beraz, irailaren 1etik aurrera berriz ere txartela jarri beharko zaie ibilgailu guztiei.

Urtean zehar TAO sistema indarrean egon ohi da bi leku horietan. Astelehenetik ostiralera bitartean, 09:00etatik 13:00etara nahiz 16:00etatik 20:00etara jarri behar izaten zaio TAOaren txartela ibilgailuari. Hala eta guztiz ere, ordu muga desberdinak daude ibilgailuak bi gune horietan aparkatzeko; izan ere, Plazaberrin ordu eta erdian eduki daitezke ibilgailuak TAOaren papera jarrita doan aparkatuta, eta Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan lau orduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide