Klik!

Andramaixei atzera begira

Andoni Elduaien 2021ko abu. 16a, 09:05

Abuztua andramaixen hilabetea da Azkoitian. Aurten, bigarren urtez jarraian, ez da antolatutako festarik izango herrian. Atzera begira jarriz egin den argazki erreportaje honetan, duela hamarkada batzuk eta ez horren aspaldi Azkoitian andramaixek nola ospatu ohi ziren jaso da.

Pregoia, festak deitzeko

Abuztuaren 14an, Andre Mari bezperan, ohikoa zen Azkoitian festak iragartzeko pregoia egitea. 18:30 inguruan izan ohi zen pregoia herriko plazan, udaletxearen aurrean. Udaleko mazolariek –zaldunak korneta joz eta oinezkoak danborra– festara deitzen zituzten azkoitiarrak. Goiko irudian, 1950. urteko andramaixetako pregoia. Ezkerreko argazkian, berriz, pandemia aurreko urte bateko Andre Mari bezperako festetako txupinazoa.

Andramaixetako danborrada

Helduen danborrada egungo sanandresetako ekintza handiena bada ere, duela ez urte asko andramaixetan –Andre Mari bezperan, abuztuaren 14an– egin ohi zen danborrada, karroza eta guzti. Azken urteetan herritarren parte hartzea asko hazi da danborradan.

Ohiko aurreskua

Andramaixetako hirugarren jai egunean –abuztuaren 16an, San Roke egunean– aurreskua dantzatu ohi da herriko plazan. Udal ordezkariek, Sahatsa dantza taldeko kideek nahiz zenbait herritarrek parte hartzen dute plazako dantza saioan.

Musika, beti presente

Azkoitiko andramaixetan musikak protagonismo berezia du. Goizean goiz hasten dira txistulariak, Azkoitiko Musika Banda zein trikitilariak beren doinuak jotzen. Argazkian, herriko trikitilariak, orain dela 25 urteko abuztuaren 17ko Baserritar Egunean.

Su artifizialak

Sua eta festak ere uztarri berean daude lotuta. Azkoitian suzko erroberak edo su artifizialak San Martin aldetik eta Baztarrikaldetik bota izan dituzte urte askoan. Su artifizialekin batera, suzko zezena ere herriko gazteenentzat gozagarria izan ohi da, askotan ezusteko protagonista bihurtuz. Argazkian, parrokiako kanpandorrea, 1996an.

Gazteen festa

Adinekoak, helduak zein gazteak egoten dira andramaixek iristeko irrikitan. Gazteen festa ere egin ohi zen garai batean Azkoitian. 1989ko irudi honetan kuadrilla bat ikus daiteke Plazaberrin beraiek egindako traineruari bultzaka.

Euskal ezkontza tradizionala

Inguruko herri batzutan oraindik ere egiten dute euskal ezkontza tradizionalaren antzezpena. Azkoitian, 1989. urtean egin zuten, abuztuaren 18an, Kuadrillen Egunean. Ikuskizuneko antzezleek herriko kaleak zeharkatu zituzten musikariek lagunduta, eta herriko plazan irudikatu zuten ezkontza. Urtebete geroago, berriz, bataioa antzeztu zuten. Urte haietan, gainera, Kuadrillen Egunean herriko gazte batzuk mozorrotu egiten ziren.

Herri bazkaria

Andramaixetako egun guztietan egoten da festa Azkoitian, baina Kuadrillen Eguna berezia da azkoitiarrentzat, herriko plazan herri bazkaria egin ohi baita. Goizean goizetik hasten dira herriko zenbait boluntario paella prestatzen Kontzejupean, bazkalorduan herritarrek Um blem ble artean jateko. Argazkian, 1995eko herri bazkaria.

Argazkiak: artxiboa eta Maxixatzen

Ikusi hemen duela urte batzuetako argazkiak:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide