Bestaldetik

72 urteko futboleko jokozaina

Nerea Uranga 2021ko abu. 22a, 09:44

Jose Mari Flores, herriko plazan.

Urte askotako lanbidea autoetarako pintura marka baten komertzialarena izan du Jose Mari Floresek; zaletasuna, ordea, kirola du. Anaitasuna futbol klubeko presidentea, Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren koordinatzailea eta Azkoitiko Kirol zinegotzia izana da. Beti egin izan du kirola, eta egiten segitzen du.

Bizitza kirolari lotuta egin du Jose Mari Floresek (Mutriku, Gipuzkoa, 1949), kirol bat baino gehiagori gainera: futbolari, atletismoari eta txirrindularitzari. Ardura batzuk utzita dauzka, baina futboleko arbitro izaten jarraitzen du, eta hala segitzeko asmoa du "korrika egiteko gai" den bitartean. 34 urte daramatza epaile, urte bakar bat ere hutsik egin gabe; 1.200-1.300 futbol partida inguru arbitratu dituenaren kontuak aterata ditu. Esaterako, uztailean, Donostia Cupeko zortzi partidatan aritu zen epaile, Azpeitian.

Ia 50 urte daramatza Azkoitian bizitzen, baina jaioterria, Mutriku, ez du ahazteko. "46 urte dira ezkondu ginela, eta ordutik Azkoitian bizi naiz. Dena den, astero joaten naiz Mutrikura, kuadrillarengana, alabetako batengana... Azken urte eta erdian, ordea, gutxiago joan naiz".

Azkoitian bizi bai, baina lanean jardun zuen urteetan aste guztia herritik kanpo pasatzen zuen. Autoentzako pintura saltzen, komertzial, aritu zen 35 urtez; Sorian, Burgosen, Errioxan, Kantabrian, Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ibiltzen zen autoen tailerretik tailerrera. "Bartzelonako enpresa batentzat egiten nuen lana; berez Ingalaterrakoa zen, baina Bartzelonan zuen ordezkaritza. 15 urterekin Debako [Gipuzkoa] tailer batean hasi nintzen lanean, autoak margotzen. Ofizioa han ikasi nuen, baina beti eduki nuen halako ezinegon bat. Behin, egunkari batean Valentine pintura markarentzako komertzial izateko lan eskaintza ikusi nuen; hara aurkeztu eta lanerako hartu ninduten, 1976. urtea zen".

 

"Kirola egitekoa gosea eduki behar da, dena izanez gero sakrifiziorako gogorik ez dago"

 

Jose Mari Flores omendu zuen Mutriku futbol taldeak.

Deban tailerrean lanean jardun zuen garaian, txirrindularitzan ibili zen Flores; jubeniletan, bi denboralditan. "Luis Alameda txirrindulari azkoitiarra ere ibiltzen zen; hura ona zen, ni, aldiz, txarra". Txirrindularitzako probetara joateko edota entrenatzeko izaten zituzten gorabeherak ere ekarri ditu gogora: "Deban zortzi-hamar ordu lan egin ondoren, 80 kilometro bizikleta gainean egiten genituen, Mutrikutik Zarautzera edota Lekeitiora joan-etorriak eginez". Hala dio: "Kirola egiteko gosea eduki behar da, dena emanda izanez gero sakrifiziorako gogorik ez da izaten".

Beharrari erantzuteko, arbitro

Mutriku eta Anaitasuna futbol klubei lotuta ere egon da Flores. Gaztetan, Mutrikuren zale amorratua zela dio: "Kuadrillako batzuk jokatzen zuten han, eta asko lagundu nuen. Ni ere ibili nintzen futbolean, baina txarra nintzen. Mutrikun futbolekoek omenaldia ere egin zidaten".

Gero, 1987-88 denboraldian Anaitasuna futbol klubeko presidente karguan egon zen. Orduan ere, gizonen talde nagusia Espainiako Hirugarren Mailan ari zen, baina kluba "egoera kaskarrean" hartu zuten. Futbol taldea onera ekartzeko direnak eta ez zirenak egin zituela aitortu du; ardura bat hartzen duenean, betebeharra ahalik eta ondoena egiten saiatzen denetakoa delako. "Milioi eta erdi pezetako zorrarekin hartu genuen kluba: Iraurgi Kirolak dendari 500.000 pezeta zorretan, Aldalur autobusei 600.000 pezeta... Haiengana joan eta hilero-hilero zorra kitatzen joango ginela agindu genien, eta handik aurrerako gastuak eskura ordainduko genizkiela. Poliki-poliki, bi urtean, zor denak kitatu genituen. Futbol zelaiko belarra mozteko makina ere puskatu egin zen, eta 1.300.000 pezeta ordaindu genituen berriaren truke. Diru kontuak bere onera ekarri genituen, Txerloiko bulegoak txukundu, justu-justu baina Hirugarren Mailari eutsi genion eta lan egin genuen nesken futbola bultzatzeko".

Anaitasunako presidente zela hasi zen arbitro Flores, epaile faltari irtenbidea emateko. Kadeteen edota jubenilen partidak beraiek arbitratu beharko zituztela esanez askotan deiak jasotzen zituzten Gipuzkoako Futbol Federaziotik. "Baina inork ez zuen nahi izaten lan hori egitea, eta ni hasi nintzen. Futbol jokoaren osagai bat da epailearen lana. Ardura eskatzen du, bai, baina futbolariek ez al dute ardurarik hartzen? Ardurak hartu egin behar dira, ez badira hartzen, ez delako inoiz hutsik egiten. Nik beti esaten dut futbola hutsegiteen joko bat dela". Futbolean arbitro aritzeaz gainera, azkenengo bost urteotan Gipuzkoako Epaileen Elkargoko informatzailea ere bada. "Hogei informatzaile gaude, eta gure lana da Gipuzkoa mailako futbol ligetako partidak ikustera joatea eta epaileak egindako lanaren berri jasotzea. Baina informatzailearen lana gauzak hobetzeko da, ez okertzeko".

Hainbeste urtetan epaile izateak kirola egiteko eta bere burua zaintzeko balio izan dio: "Kirol gisa hartzen dut arbitro lana, prestatzen nahiz entrenatzen jarraitzen dut, ikastaroak eginez eta Azkoitiko kiroldegira joanez".

Behobia-Donostia, 25 aldiz eginda

Futboleko arbitro izateko bakarrik ez, lasterketak egiteko ere antxintxika kilometroak eta kilometroak egin izan ditu Floresek. Atletismoa gustukoa izan du beti. "Behobia-Donostia lasterketa atleta herrikoi gisa 25 aldiz egin dut. Donostiako Maratoia, berriz, bi alditan; lau ediziotan parte hartu nuen, baina bitan bukatu". Lasterketak egiten zituen garaian, kirolerako poltsa beti autoan ibiltzen zuen Floresek. Lan egiten zuen toki desberdinetan entrenatzeko leku finkoak ere bazituen. Goiztiarra da Flores, eta goizean goiz gustatu izan zaio kirol prestaketak egitea. "Baina desastre bat izan naiz entrenatzen, luzatze-ariketarik egin gabe-eta entrenatu izan dut. Gainontzean, Diego Garcia zenak erakutsi zidan pixka bat maratoirako-eta nola prestatu".

 

Lasterketak egiten zituen garaian, kirolerako poltsa beti autoan erabiltzen zuen.

 

Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren koordinatzailea ere izandakoa da 1995etik 2009. urtera. "Proba antolatzeak lan handia dauka, eta lasterketaren aurreko bi hilabeteak zoratzekoak izaten dira. Maratoi erdia pieza askoko puzzle bat da, eta pieza bakoitzak bere tokian egon behar du". Egun, ardurarik ez du lasterketan, baina antolaketan laguntzen ibiltzen da.

ç

Kirol zinegotzia

Kirol talde edota eragileetan bakarrik ez da ibili Flores. 1995-1999 udal agintaldian Azkoitiko Kirol zinegotzia izan zen. Kargu hori zuen garaian, Azkoitiko Urteko Kirolaria saritzeko ekitaldia antolatzen hasi zen. "Zinegotzi kargua hartu orduko, herrian zenbat kirol elkarte eta kirolari zeuden galdetu nuen udaletxean, eta arrastorik ez zuten. Herrian zeuden kirol klubak eta kirol desberdinetan aritzen ziren kirolarien erregistro bat egiteko, herriko Urteko Kirolaria ekitaldia antolatzea otu zitzaidan", azaldu du Floresek.

Ekitaldi horren bidez, herriko kirolari profesional eta afizionatu onenak aukeratzen hasi ziren. Floresek garbi zeukan, ordea, aukeraketa hori egingo zutenak klubak eta kirolariak izango zirela: "Udalak antolatuko zuen ekitaldia, baina aukeraketan parte hartu gabe. Era horretan egin genuen lehen urteetan".

Urteko Kirolariari esker, garai hartan, Azkoitian bi mila kirolari inguru eta hogei kirol desberdin praktikatzen zirela jakin izan zuten udalean. "Modu horretara, herriko kirolaren ikuspegi zabal bat bildu genuen".

Oraindik orain, egunero Azkoitiko kiroldegira joaten da Flores kirola egitera. Garbi dio, bere mundua "kirola" izan da.