Akordatzen?

Ikastola etxea eta lantokia

Nerea Uranga 2021ko abu. 24a, 09:00

Joxemari Iturria, lantokia eta bizitokia izan zuen ikastolaren aurrean.

Erreportajerako argazkiak ateratzera joan da kazetariarekin Joxemari Iturria (Errezil, 1945) Xabier Munibe Ikastolara. Uztailaren lehen egunak dira, baina bulegoetan argia ikusita barrura sartu da. Hamabost urte dira erretiroa hartu zuela, baina oraindik ere ikastolaren barruan hunkitu egiten da hango lanak eta bizipenak gogoratuz. 25 urtez izan zen ikastolako kontserjea; huraxe zuen lantokia eta bizilekua. 2006an hartu zuen erretiroa.

Langabezian zegoela suertatu zitzaion Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan kontserje edota atezain hasteko lan aukera. "Azpeitiko ikastolako gurasoa nintzen, gure umeak 2-3 urte zituen, ikastolara hasi berria zen. Garai hartan, Izarraizpe kooperatiba Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako ikastolek osatzen zuten, eta Azkoitikorako kontserjea behar zutela-eta ni hasi nintzen", kontatu du Iturriak. "Ehundik gora langile zituen kooperatibak, Azpeitiko Marcial Ucin kenduta, bailarako enpresa handiena izango ginen. Azkoitiko ikastolako langilea nintzen ni eta eguneroko lanik gehienak han egiten nituen, baina ostiral arratsaldeetan, Azpeitiko Esklabetan ibiltzen ziren batxilergokoek jai edukitzen zuten, eta hara joan behar izaten nuen puskatutako gauzak konpontzera; Azpeitiko haur hezkuntzakoen ikastetxera ere joaten nintzen tarteka".

Lanik gabe gelditu aurretik, tailer mekanikoetan eta metaleko lanak egiten zituzten lantegietan ibilitakoa zen. Jardun desberdina egin beharko zuen, ordea, lanbide berrian. Ez hori bakarrik, bizitokia ere aldatu egin zitzaion: ikastolan zegoen etxebizitzan jarri zen bizitzen familiarekin. "Derrigorra bezala zen, edota baldintzetako bat bai behintzat, ikastolako kontserjea ikastetxean bertan bizitzea".

Lantokia eta etxea eraikin berean. Halaxe izan zituen 25 urtez Iturriak, bere alde onekin eta txarrekin. Alde onak aipatuz, zera dio: "Goizean jaiki eta bertan nengoen, lantokian, ez neukan autorik-eta hartu beharrik lanera joateko. Neguan, esaterako, ikasleak eta irakasleak ikastolara etorri aurretik berogailua pizten eta ateak irekitzen nituen. Era horretan, haiek etortzerako dena prest izaten nuen". Arratsaldean, berriz, eskolak bukatutakoan egin behar izaten zituen hainbat konponketa lan Iturriak: "Garbitzaileak garbiketan eta ni konponketak egiten ibiltzen nintzen. Baina lanean orduak sartzea ez zitzaidan inporta, etxea ere bertan nuen eta hori alde handia zen". Ikastolan bizitzeak alde txarrak ere bazituen, ordea: "Lata jasan behar izaten genuen kasu batzuetan. Bateren bati ikastolan jertsea ahazten baldin bazitzaion, igoal, jaian etortzen zen jertse haren bila gure etxera, bazekitelako gu han egoten ginela". Horrez gain, ikastolaren eraikina garai hartan nahiko bakartuta zegoen, eta inguruetan kaleko edana edota botiloia egiteko gazte taldeak biltzen zirela dio.

Iturria, ikastolako sarreraren aurrean.

Ikastola hazten eta handitzen

Xabier Munibe Ikastolaren eraikinaren ingurua "ilunpe bat" zen orduan, Iturriak kontatu duenez. Egun, ikastetxearen bueltan etxebizitza asko dago, baina ez Iturria ikastolan lanean eta bizitzen hasi zen garaian: "Juaristineko tailerra zegoen atzean, aldamenean fundizioa eta goialdean Agerre baserria. Hasieran, han bizitzera ohitzea pixka bat kostatu egin zitzaigun. Gero, ohitu ginen eta inguruan etxeak eraikitzen-eta joan ziren".

Ikastolaren inguruetan etxebizitzak ugaritzen eta ikastolaren eraikina handitzen joan da. Ikastetxearen eraikinari solairu eta zati berriak eransten nola joan diren ezagutu zuen Iturriak. "Asko handituta dago Azkoitiko ikastola, lehen L bat bakarrik zen; egun Joseba jatetxearen aldera dagoen eraikin zati hori ez zegoen, hor jolaslekua zen. Gero, behera zulatu zuten eta bertan eraikitako ikastetxearen zatian haur hezkuntza- koentzako ikasgelak jarri ziren", aldaketa horretaz ederki akordatzen da. "Aurretik, Artxamendin zegoen haur hezkuntzakoentzako eraikina, baina han Ertzainetxea egiten hasi zirenean, behin-behinekoz haur hezkuntzako ikastola Jausorora eraman zen, eta handik gero ikastolaren eraikinera". Artxamendiko haur hezkuntzako ikastola Elizaren lokaletan zegoen, eta tokia "tetriko samarra" zela dio Iturriak: "Santuen irudi handi zahar batzuk zeuden han, toki iluna zen oso. Egunez ikasto- lako haurrek erabiltzen zuten, eta eskolak bukatutakoan doktrina ematen zuten han".

On Telesforori egindako omenaldia. Iturria eskuinetik lehena da.

Atezain baino gehiago

Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolako kontserje edota atezain lanerako kontratatu zuten Iturria, baina gutxien- gutxien atezain jardun zuen. "Gehiago aritu nintzen ikastetxearen mantenuan. Niri hasieratik hala esan zidaten: 'Hemen atean egoteko eta fotokopiak ateratzeko nahiko jende dago, eta guk mantenuaz arduratuko dena behar dugu, matxurak-eta konponduko dituena. Beraz, ni sarreran-eta gutxi egoten nintzen, tokatzen zenean bakarrik. Eguna erreminta kaxarekin batera eta bestera gauzak konpontzen pasatzen nuen, eta ikastolako haurrek ere horretan ikusten ninduten beti". Behin, guraso bat joan zitzaion Iturriari esanez etxean arropa garbigailua matxuratu eta umeak esaten ziela Joxemariri deitzeko, hark konpontzen zituelako gauza guztiak.

Ikasle txikienen geletan bat eta bestea konpontzen aritzea ere askotan egokitzen zitzaion Iturriari, baina hezitzaile ere egon behar izan zuen bakarren batean: "Bi urteko haur bat zen, ikastolara hasi berria, eta andereinoarekin negar egiten zuen. Ume hura ikastolara egokitu arte ni egoten nintzen harekin, niri negarrik ez zidan egiten eta".

Iturria, ikastolako haurrekin hizketan.

Ikastola apaintzeko, inauterietarako eta Ikastolako Jairako egiten zituzten eskulanak, karroza eta dekorazioko apaingarriak ere ez ditu ahazteko. "Lantalde ona geneukan ikastolan; sinetsi egiten genuen lanean eta gehienok asko inplikatzen ginen, orduz kanpo lan asko eginez. Inauterietan ikastolatik ateratzen genuen karroza ikusgarria izaten zen, kolorerik gabe onena, ondo apaindutakoa... Ikastolako Jaia egiten genuenean ere, frontoiko horma erdia apaintzen genuen; Marilu, Maite... irakasleek oso eskulan ederrak egiten zituzten. Udaletxetik eskailera handiak hartuta, frontoian ez ezik eraikin osoan jartzen genituen apaingarriak. Guraso elkartekoekin batera, bi egunez jarduten genuen ikastolako festa antolatzen; paellak prestatzen genituen bazkaltzeko eta hamarretakoa guzti-guztientzako. Guk garrantzia handia ematen genien ikastolako jai egunei".

Ikastolako sarreran jartzen zituzten apaingarriak eta eskulanak ere gogoko zituen Iturriak. Behin, Iñigo Larrañaga irakaslearekin han jarritako gaztain adarraz oroitu da. "Izarraitz bideko Aginaga baserri ingurutik gaztaina arbola baten adar handi bat eraman genuen ikastolara, traktorearekin. Handiegia izan eta moztu egin behar izan genuen atetik barrura sartzeko. Gero, Iñigok eta biok tente jarri genuen adar hura ikastolaren sarreran, eta urtean bitan dekorazioa aldatzen genion: neguan, ikasleek-eta egindako trapuzko edota paperezko animaliekin apaintzen genuen. Uda aldera, berriz, loreak-eta jartzen genizkion".

Iturria, ezkerretik bosgarrena, Ikastolako Egunean.

Lana eta erretiroa

Ikastolan atezain lanpostuan jardundako urteetan ehunka irakasle eta ikasle ezagutu ditu Iturriak, "esperientzia polita" izan zela dio. Horregatik, erretiroa hartzeko gogoa izan arren, "pena" ere hartu zuen horretarako sasoia iritsi zitzaionean. "Bizimodua ere hartara eginda neukan eta... Gustura egin nuen lan ikastolan". Eguneroko jarduna gustukoa izateaz gainera, lan baldintza onak izan zituela nabarmendu du: "Esan beharra dago ondo ordaintzen zidatela, beste edozein atezaini baino gehiago".

Erretiroa hartu eta bi urte behar izan zituen bizimodu berrira egokitzeko: "Pentsatu nuen: 'Orain, deskantsu pixka bat eta mendira'. Gero, baina, segituan hasi nintzen batean eta bestean: Azpeitiko jubilatuen batzordean, jubilatuen astelehenetako elkarretaratzeetako taldean eta arlo sozialeko taldean, Elkar- ekinen, Zaborra Zeron... Ni beti izan naiz pixka bat militantea, eta orain ere hala segitzen dut. Hemen inork ez du ezer ematen, gu ez bagara mugitzen jai dago".