Drogen kontsumoaren arriskuen inguruko kontzientziazio kanpaina abiatu du udalak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 22a, 09:42

Taberna Laket! jarduera gauzatuko du udalak, eta hezitzaileak eskuorriak banatzen arituko dira tabernetako eta jatetxeetako terrazetan asteburu honetan eta abuztuaren 8an. Horrez gain, COVID-19ak eragindako egoeran kontsumoari lotuta kontuan hartu beharreko prebentzio neurriak ere azalduko dituzte.

Azkoitiko Udalak informazio kanpaina bat martxan jarri du drogen kontsumoaren arriskuez herritarrak kontzientziatzeko. Azkoitia Bizia, Azkoitia Osasuntsua prebentzio planaren barruan abiatu dute kanpaina, eta erakundeak "batez ere gazteak" kontzientziatu nahi ditu. "Drogen barruan sartzen da alkohola ere, nahiz eta gure gizartean alkoholaren kontsumoa normalizatuta egon", azaldu du udalak.

Lanketa horren harira, Taberna Laket! jarduera gauzatuko du udalak zapatuan, hilak 24, eta hezitzaile talde bat ibiliko da herriko tabernetako eta jatetxeetako terrazetan eskuorriak banatzen eta informazioa modu zuzenean partekatzen, "aisiaz gozatzea substantzien kontsumoarekin lotzeak dakartzan kalteen inguruan kontzientziatzeko". Horrez gain, COVID-19aren pandemiak eragindako agertokian kontsumoari lotuta kontuan hartu beharreko prebentzio neurriak ere azalduko dituzte hezitzaileek.

Taberna Laket! jarduera zapatu honetan hasiko da, eta abuztuaren 8an ere terrazetatik barrena ibiliko dira, 20:00etatik 22:00etara bitartean. Lehen saioa ekainaren 26an egin nahi zuten, baina arazo bat tarteko, bertan behera gelditu zen.

Bide batez, zapatuko ekimena aprobetxatuko du udalak genero indarkeriaren kontra herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide