Julen Alberdi 'Txikia IV'.a: "Bada zer hobetu, eta lan eginez, horretan saiatuko naiz"

Txikia IV.a lehia batean.

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Aitzol Atutxa Atutxa II.ak irabazi zuten ostiralean Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen edizioa. Azkoitiarra "gustura" da lorpenarekin, baina udazkenean jokatuko dituzten bi txapelketa ditu orain jomugan. Helburuak lortzeko lanean jarraituko duela adierazi dio Maxixatzen.eus-i.

Faborito zineten eta ez zenuten hutsik egin. Gustura al zaude lortutakoarekin?

Bai, agian, bagenuen faborito titulua; izan ere, adibidez, Sunbillako (Nafarroa) Ramon Latasa txapelketa guk irabazi genuen. Dena den, bagenekien Iker Vicentek eta Azurmendik lan ona egingo zutela, baita gainerako bikoteek ere. Presio handirik gabe joan ginen lehiara, lan ona egin genuen eta gustura nago alde horretatik.

Zer moduz moldatu zinen Atutxarekin?

Ondo. 2018an eta 2019an elkarrekin jokatu genuen Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketa, eta Sunbillako txapelketa ere bai. Elkarrekin egur asko moztu izanak eta elkar ezagutzeak asko laguntzen du; horrek balio du txapelketetako une txarretan elkarri laguntzeko.

Oro har, txapelketaz, zer balorazio egiten duzu?

Balorazio positiboa egiten dut; izan ere, maila oso handia zegoen. Egin beharreko lanak 40 minuturen bueltan egin genituen bikote guztiok, eta uste dut denbora onak direla. Hori lortzeko maila onean egon behar dute kirolariek, eta ez genuen hutsik egin. Promozio txapelketan eta emakumeenean ere maila oso ona izan zen, eta pentsatzen dut ikuslea gustura itzuliko zela etxera.

Publikoaren itzulerako saioa izan zen ostiralekoa. Sumatu al zenuten zaleen beroa?

Beti da garrantzitsua, are gehiago herri kiroletan. Publikorik ez egoteak txapelketa lehen zena ez izatea ekarri du. Orain, ordea, aforo mugatuarekin bada ere, jendearen gertutasuna sumatzen hasi gara, eta horrek asko laguntzen du.

Punta-puntan zabiltza. Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala irabazi zenuen urrian, Gipuzkoako binakakoa ekainean... Nola sentitzen zara?

Zenbait txapelketatan emaitza oso onak lortu ditut, baina oraindik ere asko daukat hobetzeko. Izan ere, aurreko urteko Banakako Txapelketa Nagusian eta aurtengo Urrezko Kopako kanporaketan gauzak ez dira nik nahi bezala atera. Bada zer hobetu, eta lan eginez, horretan saiatuko naiz.

Zer helburu dituzu aurrera begira?

Helburu nagusia udazkeneko Banakako Txapelketa Nagusia eta Gipuzkoako Banakako Txapelketa dira. Banakako iraupen luzeko lanak izango dira bi txapelketa horietan, eta urte bukaerarako, gorputza prestatzea nahi dut. Orain arte binaka eta serie gogorretan aritu gara, baina orain lan luzeak prestatzea ditut helburu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide