Iban Larrañaga erremontista, San Fermin Torneoko txapeldunorde

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 15a, 08:29
Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra, ezkerrean, Ansa II.arekin. (Argazkia: Oriamendi2010)

Erremontista azkoitiarrak, Ansa II.arekin batera, gertu izan zuen txapela, baina azken unean galdu zuten Urriza eta Aizpuru III.aren aurka, Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak esku-eskuan izan zuen San Fermin Torneoko txapela janztea atzo, asteazkena. Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa) jokatu zuten finala 300 zale ingururen aurrean, eta finala emozio handikoa izan zen amaierara arte. 

Larrañagak Ansa II.arekin osatu du bikotea txapelketan. Atzo, aurrean izan zituzten Urriza eta Aizpuru III.a. Txapela gorrien edo urdinen aldera erortzen zen ikusteko amaierara arte itxaron behar izan zuten zaleek; izan ere, amaieran Ansa II.ak eta Larrañagak 29 eta 28ko errenta lortu zuten markagailuan. Hala eta guztiz ere, gorriek lortu zituzten partidako azken bi tantoak, bat bi paretaz eta bestea luze jotako pilotakada batean.

Txapelak, beraz, Javier Urrizak eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.ak jantzi zituzten atzo. Txapelketa guztian neurketarik galdu gabe zegoen bikotea, multzoko fasean Juanenea eta Barrenetxea IV.a ere mendean hartu baitzituzten. Txapelketako txapeldunordeak, berriz, Ansa II.a eta Larrañaga izan dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide