Adinekoek ibilgailu klasikoetan Zumaiara bidaia egiteko aukera izango dute igandean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 14a, 10:32

10:00-10:30 inguruan abiatuko dira ibilgailuak Plazaberritik, eta Zumaiara egingo dute bidaia. Ondoren, bazkaria egiteko aukera ere egongo da Azkoitian. Plazak mugatuak dira, eta aurrez izena ematea nahitaezkoa da.

Axiri Classic taldeak eta Azkoitiko ibilgailu klasikoen elkarteak kotxe klasikoen irteera antolatu dute udalaren laguntzarekin datorren iganderako, uztailak 18. Igandean egin behar dutena ez da ibilgailu klasikoen topaketa izango. Egungo egoera ikusita, herriko adinekoek Azkoitira etorriko diren ibilgailu klasikoetan Zumaiara bidaia egiteko aukera izango dute. Ibilgailu klasikoen topaketa egin izan duten zortzi urteetan San Jose egoitzan geldialdiak egin izan dituzte, bertan bizi diren egoiliarrei ezagunak zaizkien autoak erakusteko. Ideia horretan oinarrituta prestatu dute irteera iganderako. 

Plazaberrin jarri dute hitzordua antolatzaileek 10:00-10:30 alderako, eta guztiak elkartutakoan Zumaiara abiatuko dira. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek aurreratu dute izena ematen dutenak beren etxe parean jasotzeko eta uzteko aukera ere eskainiko dutela igandean. Ibilgailu bakoitzean pare bat lagunek elkarrekin joateko aukera izango dute.

Dagoeneko, guztira, 20-30 ibilgailuk igandean Azkoitira etortzeko asmoa dutela adierazi dute antolatzaileek, hala nola Donostiatik, Oiartzundik eta Oreretatik. Zumaiako herrigunea ibilgailuan zeharkatuko dute, eta ondoren, Zumaiako kanpinaren parera joango dira, han egonaldia eta mokadutxoa egiteko. 13:30-14:00 alderako, berriz ere Azkoitira itzuliko dira ibilgailuak. Herrira itzulitakoan, gainera, Orbela tabernan bazkaltzeko aukera egongo da. 

Irteeran parte hartzeko, ordea, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea. Izan ere, antolatzaileek adierazi dute plazak mugatuak direla. Izena emateko 620 85 67 55 (Antonio) telefono zenbakira deitu beharko da. Eguraldi txarra egiten baldin badu, aldiz, irteera bertan behera geldituko dela nabarmendu dute antolatzaileek. Irteeran egungo segurtasun neurriak bete beharko dira une oro, besteak beste, maskara eta segurtasun tartea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide