Hitz bitan

Jaione Eizagirre: "Gauza berriak ikasteak satisfazioa ematen dit"

Nerea Uranga 2021ko abu. 3a, 08:30
Jaione Eizagirre.

Hogei urtetik gora daramatza Jaione Eizagirrek (Azkoitia, 1965) Plaza Ondo jubilatuen elkartean eskulanak irakasten. Ikasturte berria maiatzean bukatu zuten, eta berria irailean hasiko dute. Gurutze puntua, bainika, brodatuak, puntua, kakorratz-lanak... irakasten ditu. "Denetarik egiten dugu, baita oihalekin poltsak ere".

Nondik nora daukazu eskulanetarako afizioa?

Txikitatik; oso txikia nintzenean, andereei arropak egiten jarduten nuen. Gure amak puntua egiten zuen, eta harekin ikasi nuen, baita kakorratzekin lanak egiten ere. Horretan hasi nintzen, eta ondoren etorri dira beste eskulanak. Zerbait ikusi orduko nola egin nezakeen pentsatzen hasten nintzen. Poltsak asko gustatzen zaizkit, eta txikitatik jardun dut halakoak kakorratzekin, puntuan, bakero oihalekin... egiten. Poltsak eta zapiak oso gustukoak ditut.

Eskulanak zeure kasa ikasi al dituzu?

Batik bat neure kasa ikasi dut eskulanak egiten. Beti dendetako erakusleihoei begira egoten nintzen, eta ikusten nituen gauzak nola egin nitzakeen pentsatzen; gero, jardun eta jardun, ikasi arte. Beno zorte pixka bat ere izan dut; lanek ondo irteten zidaten eta horrek segitzeko animoak ematen zizkidan.

Teknologiak josteko eskulanetan eragin al du?

Interneti esker, aldatu egin da eskulan era hori egiteko modua ere. YouTuben puntuaren, kakorratzen... mundu oso bat dago. Ikusgarria da eskulanak irakasteko zenbat bideo aurkitu daitezken bertan. Azken urteetan, YouTuberi esker gauza berri pilo bat ikasten ari naiz. Orain ez dut telebistarik ikusten, Youtuben sartu eta zer egin dezakedan begiratzen egoten naiz. Gero, soberan dauzkadan hariekin eta materialekin ereduak egiten ditut.

Eskulanek denbora pasatzeko balio dute, baina horrez gain, ba al dute beste onurarik?

Ni lasaitu egiten nau eskulanean jarduteak. Gainera, gauza berriak egiten ikastea eta zailak direnak egitea satisfazioa ere bada niretzat. Eskulan bat polita gelditu dela ikusita gustura gelditzen naiz. Neuk landutako gauzak asko estimatzen ditut, eta arropei, oihalei edota hariei beste erabilpen bat emateari balioa ematen diot; esaterako, lehen egindako jertse bat askatzea eta hari horrekin beste zerbait lantzea.

Jendeak josteko eskulana terapia gisa hartzen al du?

Bai, bai. Plaza Ondo jubilatuen elkarteko ikastaroetara joaten diren gehienak urteetan dabiltza: batzuei etxetik irteteko balio die, eta tertulian jarduten dugu lanean. Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, ikastaroko saioetan ezin izaten dugu jan, maskarak jantzita jarduten dugu eta. Lehen, ordea, ikastaroko partaide guztion urtebetetzeak ospatzen genituen; lan pixka bat egin ondoren, elkarrekin meriendatzen genuen. Ikastaroko saioetan lagunartean egotea lortu dugu.

Zer motatako lanak egiten dituzue gehien?

Aurtengo ikasturtearen azken boladan asko landu dugu kakorratza, eta mantak edo tapakiak egin dituzte askok. Ikastaroan badago beti gurutze puntuko lanak egiten dituen parte hartzaile bat. Hark landu nahi dituen ideiak ekartzen ditu, eta nik diseinuak egiten dizkiot gero.

Nola egiten dituzu gurutze puntuko diseinuak?

Gurutze punturako berezia den diseinu programa bat erabiltzen dut horretarako. Era askotako irudiak landu izan ditugu, baita haurren argazkietatik ateratako ereduak ere, haurren amamei edota amamek bilobei oparitzeko.

Gurutze puntuan zer irudi lantzea atsegin duzu gehien?

Loreak. Loreei argazkiak ateratzen dizkiet eta horiek oinarri hartuta, gurutze puntuan egiteko eredua diseinatzen dut. Oso-oso politak gelditzen dira. Etxean horrelako koadro batzuk baditut, eta beste batzuk amari oparitu dizkiot, baita lagun batzuei ere. Horrez gain, kakorratzean umeentzako tapaki txikiak egitea ere gustuko dut, eta horrelakoak ere piloa oparitu ditut. Eskulanak egitea asko gustatzen zait, eta ondoren bateren bati oparia egiteko ere ondo etortzen zaizkit.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide