Sahatsa dantza tradizionalekin itzuliko da Azkoitiko plazara, igandean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 14a, 08:00
Sahatsa dantza taldekoko kideak.

20:00etan hasiko da dantza taldearen emanaldia herriko plaza nagusian. Ia bi urteren ondoren, berriz ere dantzaldia eskainiko du Sahatsak herritarren aurrean.

Sahatsa dantza taldeak emanaldia eskainiko du datorren igandean, uztailak 18, herriko plaza nagusian, 20:00etan. 2019ko sanandresetan eskaini zuen azken dantzaldia Sahatsa dantza taldeak Azkoitian. Ia bi urteren ondoren, berriz ere kalera itzuliko dira ordu erdi inguruko emanaldia eskaintzeko. Sahatsa dantza taldeko Juan Luis Lizabek azaldu duenez, "jendaurrean agertzea" nahi zuen taldeak, dantza sorta bat eskaintzeko. "Ia bi urte herriaren aurrean dantzan egin gabe egon garenez, herritarren aurrean azaldu nahi genuen, eta haiei zerbait eskaini. Jendea gustura uzteko asmoarekin egingo dugu emanaldia".  

Azpeitiko 'Azpeitia Dantzan' ekimenean dantzak eskaintzen ditu urtero Sahatsak. "Esperientzia polita" izan ohi dela azaldu du Lizabek, ikusleak "gustura" gelditzen direlako. Hori ikusita, aurten Azkoitian antzeko emanaldi bat eskaintzea pentsatu dute. "Azkoitian, sanandresetan abebasbatzarekin zein musika bandarekin eskaini izan ditugu emanaldiak, eta ohiko ekitaldietan ere parte hartu ohi dugu, hala nola sanjoanetan eta andramaixetan. Halere, orain arte ez genuen herriko plazan aritzeko formaturik, eta hori probatzea erabaki dugu aurten", azaldu du Lizabek. Lizaberen arabera, "unerik egokiena" da Azkoitian proba egiteko. "Denbora daramagu herriaren aurrean agertu gabe. Udalari proposatu genion gure ideia, eta gustura hartu zuten proposamena".

Dantza tradizionalak ikusgai

Sahatsak dantza tradizionalak aurkeztuko ditu datorren igandean herriko plazan. Besteak beste, Lapurdiko dantzak, Gipuzkoako dantzak, Otsagabiako paloteoak, Iparraldeko kabalkadetan oinarritutako fandango berri bat, Lanestosako arku handien kalejira eta Matalaz ikuskizunaren amaierako Agur Xuberoa bilduma dantzatuko dituzte. Aurtengo probak "arrakasta" izan, eta hurrengo urteetan dantzaldiak jarraipena izatea espero dute Sahatsako kideek.  

Uztailean zehar Balda plazan egiten ari diren bestelako kultur ekintzetan bezala, Sahatsaren emanaldia zuzenean jarraitzeko ikusleek nahitaezkoa izango dute udalak ikusleentzat egokituko duen gunean maskara jantzita izatea.

2019ko azaroan Baztartxon eskaini zuen ikuskizuna Sahatsak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide