Azkoitiko azokaren egungo diagnostikoa aurkeztu eta etorkizuneko ekintza plana zehaztu dituzte

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 13a, 08:00
Aurkezpen saioan hainbat ekoizlek parte hartu zuten atzo.

Azokako Plana Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoaren barruan, Azkoitiko azokaren egungo egoera zein den eta etorkizunera begira jarraitu beharreko ardatzak eta lan-ildoak zein diren azaldu zituzten atzo, astelehena, Ikertaldeko kideek. Guztira, 158 inkesta egin dituzte Azkoitiko azokako erabiltzaileen artean.

Azkoitiko Azokako Plan Integralaren aurkezpen irekia egin zuten atzo, astelehena, Elkargunean. Landaola Gipuzkoako landa garapen agentzien federazioak, Elika Fundazioak eta lurraldeko hamasei udalerrik bultzatutako proiektuaren lehendabiziko emaitza izan zen atzoko aurkezpena. Azkoitiko azokaren egungo egoera zein espero dakiokeen geroa ezagutzeko eta etorkizunerako norabide estrategikoa zehazteko, azokako eragile nagusien partaidetzarekin garatu duen lanketa aurkeztu zuen Ikertalde aholkularitza enpresak. Hain zuzen ere, egungo errealitatearen diagnostikoa eta aurrera begirako ekintza plana osatu dituzte.

lkertaldek Azkoitiko larunbatetako bi azoka egun baliatu ditu galdetegiak egiteko; guztira, 158 inkesta egin dituzte. Horrez gain, Azkoitiko azokan parte hartzen duten ekoizleekin ere bildu dira, azokaz haiek duten ikuspuntua zein den gertutik ezagutzeko. Galdetegietatik eta bileretatik jasotako informazioa kontuan hartuta, azokaren alderdi positiboak eta negatiboak zein diren zehaztu ditu Ikertaldek. Alderdi positiboari dagokionez, Azkoitian azokara joateko gogoa edo nahia dagoela jaso dute, baita tokiko produktuek gero eta interes handiagoa dutela ere. Gainera, tokiko produktu horien ekoizleekin zuzeneko harremana izatea balio handikoa dela nabaritu dute inkesta egin dutenen artean. Zerbitzu berriak jasotzeko gogoa ere helarazi dute inkesta egin dutenek.

Alderdi negatiboa kontuan hartuta, berriz, ikusi dute bezeroak zein salmentak jaitsi egin direla azokan, eta azokaren azpiegitura ere ez dela erakargarria egiten, oro har. Ekoizleen eta beren produktuen informazio edo komunikazio falta badagoela ere detektatu dute. Halaber, azokaren eta herriko merkatarien zein ostalarien artean harremanik ez dagoela jaso dute Ikertaldeko kideek. Nabaritu dute, gainera, bezeroak nahiz ekoizleak "zahartzen" ari direla.

Ardatzak eta lan ildoak

Gabezia eta indargune horiek ikusita, Ikertaldeko kideek Azkoitiko azokak aurrera begira zein erronka eta ardatz izan beharko lituzkeen zehaztu dute; guztira, bost ardatz zehaztu dituzte 22 lan ildotan jorratzeko. Ardatzetako batean, azokaren gunea berrantolatzeko eta eraberritzeko beharra dagoela adierazi dute. Merkatuaren barruko espazioa berrantolatzea ere beharrezkoa dela sumatu dute, gaurko eta biharko beharretara egokitzeko. Gainera, azokaren inguruaz eta azokako funtsezko azpiegiturez hausnartzea ere lan ildoetan zehaztu dituzte.

Komunikazio eta komunitate estrategiak ere finkatu egin behar dira ikerlarien esanetan, azokaren oinarrizko informazioa ematearekin batera; hala nola azokaren kontakizuna egitea, zein diren, zer egiten duten eta beren historia kontatzea beharrezkotzat jo zituzten. Azokako komunikazioa eta sustapen estrategia finkatzea eta garatzea nahiz azokarekiko herri atxikimendua areagotzeko fidelizazioa lantzea estrategiaren barruan zehaztu zituzten. Gainera, bezeroari laguntzeko, ekoizleen, salgaien eta prezioen informazioa emateak lagundu egingo lukeela uste dute Ikertaldeko kideek. Azokaren irudia eta garrantzia indartzea, Gipuzkoako Azoken Sarean komunikazio ekintzak egitea eta herri dinamika egituratzen duten ekimenekiko elkarlana estutzea ere hizpide izan dituzte. 

Azokaren dinamizazioa da nabarmendu duten hirugarren ardatza, eta horren barruan hainbat ildo zehaztu zituzten: produktuen eskaintza zabaltzea eta bezeroen erosketa orga osatzea, azoka egiteko hitzordu emankorrenen aldeko apustua egitea eta azokaren bidez herriko giroa pizteko animazio egitaraua antolatzea. Era berean, Berdura plazako azoka dinamizatzeko urrats garrantzitsuak zein izango liratekeen ere aipatu dute: azoka bultzatzeko ekintza berezien programa diseinatzea, bezeroarentzako erosketa zerbitzu osagarrien ezarpena planteatzea eta kanpoko elikagai eta arropa merkatuaren kokapena plazara lekualdatzea.

Ekoizleen etorkizuna bermatzeko, ekintza berriak probatzeko beharra nabarmendu dute, eta azokak Azkoitian dituen hitzordu oparoenetan eta egun garrantzitsuenetan azoka indartzeko ekintzak antolatzea ere hizpide izan dute. Halaber, Azkoitiko ekoizleak azokara erakartzeko plangintza bat diseinatu behar dela adierazi dute. Nekazal ezarpen berrien ekoizpena azokara bideratzeko baldintzak sortzea eta negozioen digitalizazioa nahiz aurreparen teknikoak sustatzea ere beharren artean identifikatu dituzte.

Bestalde, azokaren gobernantza eredua eta azokako aktibitatea erregulatzeko araudia garatzearen beharra azpimarratu dute, azokaren eraginkortasuna eta koordinazioa bermatzeko. Azokaren lehentasunak finkatzeko nahiz Azkoitiko azokaren eredua sortzeko eta martxan jartzeko lantalde bat sortzeko beharra azpimarratu dute, eta boluntarioek Azkoitiko Udaleko Kultura Sailera jo beharko dutela adierazi dute. Irailean lantaldea martxan jartzea dute asmoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide