Floreagako igogailuari lotzeko pasabide nagusia jarri dute

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 12a, 11:47
Pasabideak lotzeko lanak ari dira egiten. (Argazkiak: Nerea Uranga/Azkoitiko Udala)

Floreagako lehen igogailuari dagozkion lanak direla eta, itxita dago errepidean. Igogailura lotuko dituzten pasabideak eta besoak ari dira jartzen goizean zehar. 

Floreagan eraikitzen ari diren lehen igogailuari lotuko dizkioten pasabideak edo besoak ekarri dituzte gaur, astelehena, eta horiek lotzeko lanak ari dira egiten une honetan gunean. Lanak tarteko, Aizkibel kalea itxita dago, eta horrela egongo da goiz osoan zehar; baliteke, gainera, arratsaldeko zenbait ordutan ere bidea itxita egotea.

Hiru pieza ekarri dituzte gaur Azkoitira, eta igogailua eraikitzen ari diren gunean ari dira lanean. Piezetako bat, luzeena, 23 metroko luzerakoa da, eta beste biak, sei metrokoak. Garraioak eta ondorengo lanek behartu due gunea ibilgailuentzat zein oinezkoentzat itztera; izan ere, garabiak lagunduta ari dira piezak muntatzeko lanetan. Behin pasabideak jarrita, baranda, lurra eta argiteria jarriko zaizkie beso biei.

Ekaineko udal osoaren bilkuran kreditu aldaketa onartu zen Floreagako bigarren fasearekin jarraitu ahal izateko. 810.000 euroko partida finkatu du udalak horretarako. Lehenengo esku-hartzearen aurrekontua, berriz, 584.554,63 eurokoa da.

"Inpaktu bisuala eragiten du, onartu behar da, baina ez dago auzoa irisgarri egiteko beste aukerarik. Igogailuak bertikalki ematen du soluzioa, igo eta jaitsi egiten da, baina Floreagan konponbideak arranpen eta pasabideen eraikitzea eskatzen du, kotak gainditzen joateko. Kontua da pertsonei eguneroko bizitza erraztea, inor etxean geratu ez dadin baliabide ezagatik", azaldu du Javier Zubizarreta alkateak.

Alkatearen esanetan, bigarren fasearen lizitazioa ere "martxan" dago. "Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu genuen eta horretan ari gara. Pixkanaka, jendea paisaia berrira eta igogailua erabiltzera ohitzen joango da. Proiektu osoak dimentsio handiak hartzen ditu, bai ikuspegi ekonomikotik eta bai lan aldetik, baina lehen fase hau iritsi den modu berean, iristen joango dira hurrengoak ere. Hartutako kompromisoa betetzen ari gara".

Errepidea itxita

Ibilgailuek ezin dute Aingeru kaletik Floreaga auzora sarrera-irteerarik egin. Floreaga auzorako sarrera-irteerak Santa Klara-Auzmendi bidea-Zuazola kaletik barrena egin behar dira.

Halaber, Correosen egoitzatik Floreaga alderantz doazen ibilgailuek ezkerrera hartu behar dute nahitaez, Oteiza frontoietarantz, eta ezin dute Floreagara zuzenean sartu; izan ere, noranzko bakarra du Aizkibel kaleak.

Floreaga auzoan, berriz, Zuazola kalea eta Aizkibel kalearen arteko gurutzebidean moztu dute zirkulazioa ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. Autoak Zuazola kalerantz bideratzen ari dira. Oinezkoak, berriz, Zuazola kaletik barrena ari dira pasatzen herrigunera iristeko, Xabier Munibe Ikastola gainetik Inazio Iriarte Margolaria kalera jaitsiz, hain zuzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide