Juan Jose Larrañagak margotutako koadroa eman dio udalari Imanol Eliasen familiak

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 9a, 14:16
Javier Zubizarreta eta Itziar Oiarzabal, Larrañagaren koadroarekin. (Azkoitiko Udala)

Itziar Oiarzabalek, Imanol Eliasen alargunak, Juan Jose Larrañaga azkoitiarrak margotutako koadro bat eman dio dohaintzan Azkoitiko Udalari. Eliasen jabetzako koadroa 1977an margotu zuen Larrañagak; Aralar mendilerroa ageri da margolanean, Gaintza herritik hartuta.

Javier Zubizarreta alkateak "eskerrak eman" dizkio Oiarzabali "Azkoitiko Udalarekin eta herriarekin izan duen begiruneagatik". Eliasen familiak emandako koadroa udaletxeko Kultura sailean zintzilikatuko dutela aurreratu du Zubizarretak, Oiarzabalek begi onez hartu duen kokapena. Senarra "kultur gizona" zela ekarri du gogora azpeitiarrak: "Bizitza osoa eman zuen kultura sustatzen eta zabaltzen. Dagoen tokian dagoela, pozik egongo da". Alkateak, bere aldetik, koadroari esker Elias zein Larrañaga "Aralar mendiko paisaiari begira gogoratuko" dituztela adierazi du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide