Martxan da Uztaila Jolasean udaleku irekia

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 7a, 12:12
Txikienak, udalekuen hasieran. (Argazkia: Uztaila Jolasean)

Hilaren 16ra bitartean, txikienek bi asteko udalekuak izango dituzte Uztaila Jolasean udalekuan. Era guztietako jolasak egingo dituzte Floreagako atarian eta herriko parke zein plazetan.

Astelehenaz geroztik martxan Uztaila Jolasean udaleku irekia. Udalekuetako kideek azaldu dutenez "izugarrizko gogoarekin eta ilusio handiarekin" ekin diete aurtengo udalekuei. Ohi bezala, HH eta LH mailako ikasleak banatuta arituko dira Uztaila Jolaseanen.

HHkoak piraten munduan murgilduko dira aurten, eta astelehenean, esaterako, taldeka beren bandera osatu behar izan zuten. Segidan, jolasak egin zituzten. LHkoek ere piratak hartu dituzte oinarri aurtengoan, eta beren ikurra aurkitu behar izan zuten pista batzuei jarraituta. Atzo, asteartea, izan zuten udalekuetako bigarren eguna.

Honako lotura honetan ikus daitezke asteleheneko eta astearteko argazkiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide