Gizarte Larrialdietako Laguntzen eskaera %31 igo dela nabarmendu du Janire Igoak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 2a, 11:44
Janire Igoa, Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua. (PSE-EE)

Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Janire Igoak, azpimarratu du %45,26 igo dela alor horretara bideratutako aurrekontu saila, eta 2020an 376 pertsona eta 120 familia artatu zituztela Gizarte Larrialdietako Laguntzen bidez. Igoak nabarmendu du "ahalik eta pertsona gehiengana iristea" izan dela erakundearen helburua.

Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak eta PSE-EEko zinegotziak azaldu duenez, "babes soziala bermatu" du udalak "biztanleriaren sektore ahulenei" laguntzeko. Igoak gizarte alorrera bideratutako aurrekontuaren berri ere eman du, eta azpimarratu du 2020an %45,26ko igoera izan zela aurrekontu sailean —2019. urtean 115.710,28 eurokoa izan zen aurrekontu saila—. Ildo horretatik, "babes soziala handitu" dutela dio, COVID-19aren eragina gutxitzeko.

2020an 376 herritar izan ziren Gizarte Larrialdietako Laguntzak (GLL) jasotakoak —2019an 187 izan ziren—, eta familiei dagokienez, 120 familiak jaso zuten laguntza —2019an 96 izan ziren—. Beraz, joan zen urtetik %31 eta %25 igo da onuradunen kopurua, hurrenez hurren. Igoak dio "osasun krisiaren ondorio" izan dela igoera hori.

Azkoitiarrak oinarrizko beharrizanetara bideratutako partida nabarmendu du: "Gastuak, kontzeptu horretan, hirukoiztu egin dira. Adibidez, familiek osasun gastuak ordaintzeko erabili dituzte laguntza horiek. Gainera, dauden beharrak ikusita, eskatzaileei laguntza ekonomikoa handitzea erabaki zen, araudiaren irakurketa lasaiagoa eginez".

Bestalde, PSE-EEko kideak dio pandemiak "udaleko Gizarte Zerbitzu guztiei" eragin diela, eta "ahalik eta pertsona gehiengana iristea" eta "pertsonei nahiz familiei arreta egokia bermatu ahal izatea" izan direla erakundearen erronkak. Ildo horretatik, bere talde teknikoak egindako lana eskertu du: "Kasu guztiak artatu dituzte, eta haien lana zorrotza ez ezik, zuhurra eta nekaezina izan da Gizarte Zerbitzuetako eta Integrazioko sailera iritsi diren kasu guztiei erantzuteko. Are gehiago, txikiak edo ikusezinak ziruditen gaietan ere murgildu dira, funtsezkoak baitira okerren dauden pertsonentzat".

Datu gehiago

GLLak, nagusiki, alokairuen eta hipotekaren gastuei aurre egiteko erabili direla azaldu du Igoak. Hain zuzen ere, ia %47k erabili dute horretarako laguntza —%32,01ek alokairua ordaintzeko eta %14,85ek amortizazioen eta hipoteken interesei aurre egiteko—. Horrez gain, laguntzen %20 baino gehiago (%20,24) etxean energia erabiltzearen gastuak ordaintzeko erabili dira.

Bestalde, laguntza horiek jasotzen dituzten 120 familietatik 48k adingabeak dituzte ardurapean, eta, zehazki, hemeretzi seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiak dira: hamasei ama bakarrekoak dira eta hiru aita bakarrekoak. Kasu gehienetan langabezian dauden eta prestazio bat jasotzen duten pertsonak dira.

Horrez gain, banakako 35 pertsonak jaso dituzte laguntzak. "Horietako batzuek pentsio txikiak dituzte, eta beste batzuk lanean ari dira, baina lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik kobratzen dute, alegia, 655,20 euro hilean (9.172,8 euro urtean) edo aldi baterako kontratuak dituzte. Badira langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik ez dutenak ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenak, baina horrek ez die uzten, adibidez, urteko energia gastuei eta antzeko gastuei aurre egiten; beraz, laguntza osagarria behar dute", dio Igoak.

Era berean, erretiro pentsio "baxuak" dituzten 25 pentsiodun daude Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren hitzetan, hemeretzi emakume eta sei gizon, eta laguntza hori behar dute, batez ere, energia gastuei aurre egiteko. "Pobrezia energetikoak eragindako familiak dira, eta ez dute beren etxeetan tenperatura egokia mantentzeko gaitasunik. Zalantzarik gabe, egoera honek pertsonen duintasunari eragiten dio, haien bizi kalitatea kaltetzen duelako eta etxebizitzako biztanleen osasunari eragiten diolako, batez ere adingabeei eta adinekoei", azaldu du Igoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide