Gipuzkoako Enpresaren Saria eskuratu du Astigarraga Kit Linek, Enpresa nazioartekotzea kategorian

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 1a, 16:21
Gipuzkoako Enpresa Sarien 29. edizioko irabazleak eta erakundeetako ordezkariak, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan. (Gipuzkoako Bazkundea)

Gaur, osteguna, jaso dute saria Astigarraga Kit Lineko ordezkariek, Gipuzkoako Bazkundearen Donostiako egoitzan. Epaimahaiak Urrestillan egoitza duen enpresaren "nazioartekotze estrategia" nabarmendu du, egun salmenten %80 esportazioak baitira. Azkoitiarrak dira enpresa horren jabeak.

Gipuzkoako Enpresa Sariak banatu dituzte gaur, osteguna, Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan, eta azkoitiarrek zuzentzen duten Astigarraga Kit Line enpresak garaikur bat jaso du Enpresa nazioartekotzea kategorian. Epaimahaiak nabarmendu duenez, "bere sektoreak etxeko merkatuan bizi duen krisiari erantzuteko nazioartekotze estrategiagatik" eta "bere produktu ikuspegia Europako merkatuaren errealitatera eraldatzeagatik" jaso du saria Astigarraga Kit Linek.

Egoitza Urrestillan duen enpresaren merkatu nagusia Frantzian dago egun, eta presentzia handia du Espainiako zein Italiako merkatuetan ere. Horrez gain, Alemanian nahiz Europako Batasuneko beste hainbat herrialdetan ere areagotzen ari da enpresaren presentzia. Egun, 120 langile inguru dituzte, eta Gipuzkoako Bazkundeak jakinarazi duenez, urtean 21 milioi euro fakturatzen ditu enpresak —2008. urtetik bikoiztu egin da kopuru hori—. Gainera, azpimarragarria da nazioarteko jardueraren garapena, esportazioak salmenten %80 baitira.

Gaurko sari banaketa ekitaldian izan dira Astigarraga Kit Lineko ordezkariak, baita Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea ere. Gipuzkoako Enpresa Sarien 29. edizioa izan da aurtengoa.

Astigarraga Kit Line enpresako Itziar Astigarraga gerentea, saria jasotzen. (Gipuzkoako Bazkundea)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide