60 pilotuk parte hartuko dute zapatuan Goilurrak Basque Highlandsen III. edizioan

Anartz Izagirre 2021ko eka. 30a, 08:55
Goilurrak Basque Highlands rallyaren II. edizioko irudia. (Borja Basterretxea)

Ostiralean, hilak 2, ibilgailuen egiaztapen administratiboak eta teknikoak egingo dituzte, eta 21:00etan autoen eta pilotuen aurkezpena egingo dute Plazaberrin. Erlojupekoa, berriz, zapatuan izango da; goizean Azkaraten eta Endoian bina tramo egingo dituzte, eta arratsaldean, Goierriko txokoetan izango dira.

Indartsu dator aurten Azkoitiko Errebueltie eta Lazkaoko Ikullu automobil taldeek antolatutako Goilurrak Basque Highlands rallyaren III. edizioa. Hasteko, etzi, ostirala, ibilgailuen egiaztapenak egingo dituzte; 17:30etik 20:00etara izango dira egiaztapen administratiboak, eta 18:00etatik 20:30era bitartean, aldiz, teknikoak. Horren ostean, 21:00etan lasterketan parte hartuko duten pilotuen eta autoen aurkezpena izango da, Plazaberrin.

Bestalde, lasterketa zapatuan, hilak 3, izango da. 08:00etan aterako dira autoak Oteiza frontoietatik, eta herrian bi ibilbide egingo dituzte. Hasteko, Endoia inguruko errepide zati batean ibiliko dira pilotuak; lehenengo pasaldia 09:00etan izango da han. Ondoren, Azkarate aldera joango dira pilotuak, eta 09:25ean egingo dute lehen pasaldia. Bi leku horietatik berriro igaroko dira pilotuak, 11:25ean eta 11:50ean, hurrenez hurren.

Proba horiek eragina izango dute errepidean ere; Endoia parean errepidea itxita egongo da 08:00etatik 13:00etara bitartean, eta Azkaraten, 08:25etik 13:30era artean. Hala eta guztiz ere, auzo horietako bizilagunentzat sarrera-irteerak kontrolatzen ibiliko dira Goilurraken antolatzaileak.

Arratsaldean, bestalde, Goierri eskualdera joango dira ibilgailuak. Hain zuzen ere, Zumarragan, Idiazabalen eta Zegaman ibiliko dira parte-hartzaileak, eta lasterketa 19:00ak inguruan amaituko da, Lazkaon. Sari banaketa, berriz, 20:15 inguruan egitea aurreikusten dute antolatzaileek, Lazkaoko plazan.

60 pilotu lehian

Ion Zubiaurre Errebueltie eskuderiako kide izateaz gain, Goilurrak Basque Highlandsen III. edizioan parte hartuko duen pilotuetako bat da, eta hark adierazi duenez, 60 pilotuk parte hartuko dute aurtengo erlojupekoan. Errebueltieko kideek lehendik Azkoitiko rallysprinta antolatzen bazuten ere, Goilurrak antolatzen duten hirugarren aldia da aurtengoa. Ohikoa den moduan, proba hori Gipuzkoako nahiz Euskadiko rally txapelketetarako puntuagarria izango dela azaldu du azkoitiarrak.

Antolakuntzan pandemiak eraginik izan al duen galdetuta, Zubiaurrek adierazi du "joan zen urtean baino errazagoa" izan dela aurten proba antolatzea; hala eta guztiz ere, segurtasun protokolo bera ezarriko dute aurten: "Aire librean bada ere distantziak mantendu beharko dituzte ikusleek, eta 1,5 metroko distantziarik ez badago maskara erabili beharko da. Horrez gain, asistentzietan pilotuek eta hiru mekanikok soilik izango dute egoteko aukera". Ildo horretatik, segurtasun neurriak betetzeko arazo handirik ez du espero azkoitiarrak: "Jende asko bildu litekeen bihurguneak egon daitezke, baina oro har, sakabanatuta dago rallya eta distantziak mantendu ahal izango dira".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide