Plaza Ondo jubilatuen elkartearen lokala ireki eta bingoei ekingo diete berriro

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 29a, 14:21

Uztailaren 1ean irekiko dute jubilatu elkartearen lokala, eta astean lau egunez egongo da zabalik: asteartetan, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara. Lokala irekitzearekin batera, bingoari ekingo diote elkarteko kideek. Aurreneko saioa uztailaren 1ean izango da, Elkargunean. 

Pixkanaka-pixkanaka ari dira lehengo ohituretara itzultzen Plaza Ondo jubilatuen elkarteko kideak. Orain arte itxita izan dute elkartearen lokala, baina jakinarazi dutenez, uztailaren 1ean zabalduko dute berriro. Lokala irekiko duten arren, ezinbestekoa izango da osasun neurriak errespetatzea, eta zentzu horretan lokalaren aforoa mugatuta egongo da; gehienez 20 pertsona egon ahal izango dira lokalean une berean. 

Plaza Ondoko kideek jakinarazi dutenez, astean lau egunez egongo da zabalik lokala: asteartetan, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara. Bertatik azkena ateratzen denak udaltzaingoari pasatu beharko dio abisua. 

Bingoa ere martxan

Plaza Ondok urtero antolatzen dituen bingo saioak ere bueltan dira. Elkarteak aditzera eman duenez, uztailerako bi hitzordu jarri dituzte, eta aurrenekoa uztailaren 1ean izango da, 17:00etan, Elkargunean. Bigarren bingo saioa, aldiz, hilaren 15ean izango da, ordu eta leku berean. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide