Bake epaitegiko tripak

Nerea Uranga 2021ko eka. 29a, 09:50
Azkoitiko bake epaitegirako sarrera. Kultur Etxeko lehen solairuan dago.

Bake epaitegietako lanaren berri eman dute Azkoitiko bake epaitegiko bi langilek. Arlo zibileko nahiz penaleko prozedurekin egiten dute lan bake epaitegietan.

Zer zerbitzu eskaintzen dituzte bake epaitegiek? Herri guztietan dago bake epaitegia, esaterako, Azkoitian Kultur Etxeko lehen solairuan dago. Azpiegiturak Azkoitiko Udalarenak dira, eta bertako bake epailearen hautaketa udalari dagokio –lau urtetik behin egiten du udalak bake epailea hautatzeko prozesua–. Gainontzean, Eusko Jaularitzako hiru funtzionariok egiten dute lan Azkoitiko bake epaitegian. Haietako bik (ez dute izen-abizenik eman nahi izan) azaldu dituzte zerbitzuaren nondik norakoak.
Bake epaitegiak ematen duen zerbitzuetako bat da erregistro zibila; jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak erregistratzen dituzte bertan. Baita erregistro horietan gero izaten diren aldaketak ere; adibidez, jaiotza agirietan izen edota abizenen aldaketak edota ezkontzetan dibortzioak. 

Erregistro zibileko erregistroetan izan ohi dituzten gorabeherak aipatu dituzte Azkoitiko bake epaitegiko bi langileek. "Erregistro sistema, batik bat prestatuta dago pertsona bat jaio, ezkondu, umeak eduki eta hil, ia-ia hori dena, herri berean egiteko. Baina atzerritik etortzen diren gehienak asko mugitzen dira herrialdez herrialde: Frantziatik hona, hemendik beste norabaitera… Kasu batzuetan ez dute jakiten ez bertako hizkuntza, ez irakurtzen eta ez idazten, eta haietakoren bat erregistatzen duenak ez daki izenaren lekuan izena edota abizena jartzen ari den; hala nola kultura batean abizena beren familiaren izena da; beste batean abizena bere aitaren izena; beste batzuetan neskei izenean luzapena jartzen diete; edota anai-arreben artean abizen desberdinak dituzte. Ondorioz, nahaste handiak sortzen dira". 

Heriotza eta bizi agiriak

Heriotza agiriak nahiz bizi agiriak eskatzera ere herritar askok jotzen dute bake epaitegira. Heriotza agiria testamenturako eskatu ohi dute askotan. Bizi agiria urtero eskatzen duten herritarrak ere badira, Alemanian edota Frantzian lanean ibilitakoak batik bat. "Pentsioa kobratzen jarraitzeko, bizi agiria aurkeztu behar izaten dute urtero lan egin izan duten herrialdean". 

Azkoitian bizi den batek ezkontzeko prozesua hasteko ere Azkoitiko bake epaitegira jo behar du ezinbestean, nahiz eta beste tokiren batean ezkontzea erabaki. Hala azaldu dute: "Azkoitian bizi den batek bere ezkontza Madrilen erregistratu nahi baldin badu ere, prozesua Azkoitiko bake epaitegian hasi behar du. Adibidez, ezkonkideetako bat atzerritarra bada eta besteak Espainiako herritartasuna badauka, ezkontza horiek Madrilen erregistratu behar izaten dira, erregistro zibil zentralean. Dena den, prozesua Azkoitiko bake epaitegian hasi behar izaten dute".

Etxegabetze aginduak

Bake epaitegian arlo zibilaz gainera, arlo penala ere badago. Hau da, epaitegi batek Azkoitiko bizilagunen bati erreguzko eskaera bat egin edota zerbaiten berri eman edota errekeritu nahi badio bake epaitegiaren bidez egiten du. "Adibidez, azkoitiar batek salaketa bat jarri badu edota besteren batek bera salatu badu, prozedura horretan, legeak hala agintzen duen kasuetan, pertsona horri pertsonalki eman behar zaio dokumentazioa. Berez, herritarra bake epaitegira etorri beharko da dokumentazio hori jasotzera". Zor kontuetan, esaterako, epaitegiren batean jartzen da salaketa, baina horren jakinarazpena herri bakoitzeko bake epaitegiak bideratzen dio zordunari. "Interneteko iruzurrak, alkoholemia kontrol batean positibo eman izanaren salaketa, tutoretzak, ezgaitasun deklarazioak… egunero dauzkagu horrelako jakinarazpenen prozedurak".

Zalantzarik gabe egin behar izaten dituzten jardunbide gogorrenak etxegabetze aginduen jakinarazpenak direla diote Azkoitiko bake epaitegiko langileek. "Jendea etxetik kaleratzea da guretzako prozedura gogorrena eta okerrena. Aurretik pertsona horiekin egoten gara jakinarazpenak emateko, eta ezagutzen ditugu. Kasu batzuetan, ordea, jakinarazpenak jaso arren, aurrez ez dute ezer egiten hori ez gertatzeko eta etxegabetze agindua bete behar izaten da". Koronabirusak eragindako pandemiagatik etxegabetze aginduak geldirik egon direla azaldu dute bake epaitegiko langileek, baina bestela urtean "batez beste bizpahiru" kasu izaten dituztela Azkoitian.

Etxetik kaleratze kasuak desberdinak eta etxetik botatzeko arrazoiak askotarikoak izaten direla azaldu dute bake epaitegikoek. "Jardunbide gogorrak dira, baina ez daude gure gain. Gure lana informatzea bakarrik baita".

Adiskidetza ekitaldiak

Bake epaitegian funtzionarioez gainera, bake epailea ere izaten da. Azkoitiko bake epaileak ez du egun osoko jarduna egiten bake epaitegian, baina egunero joan ohi da hara, "agiri garrantzitsuenak" hark sinatu behar izaten baititu. "Bake epailea da bake epaitegiko organo gorena, eta haren onespena behar izaten dugu guk zenbait agiri egiteko. Bestalde, bera arduratzen da adiskidetza ekitaldiak eta ezkontzak egiteaz".

Epaiketarik ez da egiten bake epaitegietan. Bertan, adiskidetza ekitaldiak egiten dituzte, eta horietan bi aldeek, idazkariak, bake epaileak eta abokatuak edota prokuradoreak parte hartzen dute. Adiskidetza ekitaldietan, epaitegira jo gabe, akordiora iristen saiatzen dira bi aldeak. 

Ezkontzak ere egiten dituzte Azkoitiko bake epaitegian, eta horretarako areto txiki bat atonduta dago. "Normalean, Azkoitiko bake epaitegian ezkontzen direnak azkoitiarrak dira, eta soilik ezkontzeko tramitea egin nahi dutenak", azaldu dute.

Alde onak eta txarrak

Bake epaitegiaren berri eman duten bi funtzionarioak Azkoititik kanpo bizi dira, eta hori "alde positiboa" dela diote. "Bake epaitegira era eta perfil askotako herritarrak etortzen dira, eta guk gauza asko ezagutzen ditugu haietaz". Beren eguneroko jardunean jarrera txarrak ere jasan behar izan dituztela diote: "Pertsona bakarren batzuk azaldutako jarrerarekin beldurra ere pasatu izan dugu. Bake epaitegiko langile denok emakumeak gara, eta zenbait pertsonen jarrerak oso sexistak dira".

Kontu txarrak alde batera utzita, gauza asko ikasteko balio dien lana dutela uste dute biek: "Arlo oso desberdinak jorratzen ditugu eta askotariko pertsonekin egiten dugu lan. Akaberan, lan guztietan bezalaxe, gure egunerokoan gauza onekin eta txarrekin egiten dugu topo".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide