Herriko langabezia tasa pandemia hasi aurreko kopuruetan da

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 26a, 10:00

Azkoitiko langabezia tasa %8koa izan da maiatzean, iazko otsailekoa adinakoa. Emakumeen langabezia tasa, berriz, pandemia aurrekoa baino txikiagoa da dagoeneko. Datu baikorrak dira, baina ez dute esan nahi COVID-19ak eragindako krisialdi ekonomikoa bukatu denik. Iraurgi Berritzeneko adituek iazko otsaileko eta aurtengo maiatzeko hainbat datu konparatu dituzte, egoera zein den argiago erakusteko.

COVID-19ak eragindako krisialdi ekonomikoari buelta emateko denbora beharko den arren, lan merkatuaren egoeraren adierazleetako batzuek bilakaera baikorra izan dute azken hilabeteotan. Esaterako, langabezia tasak. Maiatzean %8koa izan da Azkoitiko langabezia tasa, iazko otsailekoaren parekoa. 

Datu baikorra iruditu zaio Azkoitiko Udalari, "enplegua indartzen ari denaren adierazlea" eta itxaropenari bide ematen diona,"gaur egungo egoeraren ezaugarri nagusia ziurgabetasuna den arren". Datu orokor horretatik aparte, xehetuagoak ere eman ditu: gizonezkoen eta emakumezkoen langabezia tasari buruzko datuak, hain zuzen. Generoen arteko aldea nabarmena den arren, biek erakusten dute bilakaera ona. Honela dio udalak: "Gizonezkoen artean, langabezia %6,7koa da. Iazko otsailean, justu COVID-19a ezustean sartu aurretik, langabezia %6,8koa zen. Emakumezkoen artean, berriz, langabezia tasa %9,6an kokatu da maiatzean. Datu hori iazko otsailekoa baino hobea da, orduan, %10,9an baitzegoen emakumeen artean langabezia indizea". Erakundearen esanetan, "COVID-19a iritsi aurretik jasotako datuen parekoak edo hobeak dira horiek".

Egoerak hobera nola egin duen erakusteko, beste konparaketa batzuk ere egin ditu Azkoitiko Udalak, adibidez, iazko maiatzeko datuak aurtengo maiatzekoekin parekatuta. Pentsatzekoa denez, aldea are handiagoa da, iazko maiatzean itxialditik irten berri zirelako herritarrak, eta itxialdian erabat gelditu zelako ekonomia. 2020ko maiatzetik aurtengora, herriko langabeen kopurua %19,3 murriztu dela esan du erakundeak, alegia, duela urtebete pasatxo 579 lagun zeudela lanik gabe, eta orain 467 pertsona daudela. Eta, "ideia bat egite aldera", azken datu bat ere eman du: "Azken hamarkadako langabezia daturik hoberena 2019ko uztailean jaso zen. Orduan, Urola Erdian, 1.162 lagun zeuden langabezian guztira; aurtengo maiatzean, berriz, 1.259 gizon eta emakume daude lan merkatutik kanpo".

Beste adierazle batzuk

Azkoitiko Udalak emandako datuek argi erakusten dute langabeen kopurua pandemia aurreko kopuruetara bueltatu dela, baina lan merkatuaren argazki osoagoa egiteko helburuarekin, Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentziara jo du Maxixatzenek. Pandemia aurreko egoera gaur egungoarekin konparatzeko eskatu die hango profesionalei, langabezia tasaz gain beste adierazle batzuk ere erabilita. Eta halaxe egin dute: langabezia datuak ez ezik, kontratazioei eta afiliazioei buruzkoak, Diru sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eskaeren ingurukoak, aldi baterako lana erregulatzeko txostenei buruzkoak eta UrolanPrest enplegu zerbitzuan erregistratutako lan eskaintza kopuruen ingurukoak hartu dituzte kontuan. Egungo egoera pandemia aurrekoarekin alderatzeko, iazko otsaileko eta aurtengo maiatzeko datuak jarri dituzte parez pare. Konparaketak egiteko, Urola Erdiko datuak hartu dituzte kontuan, alegia, Azkoitikoak, Azpeitikoak eta Zestoakoak batuta.   

  • Langabezia. Iazko otsaileko langabezia tasa %8,1ekoa izanik, eta aurtengo maiatzekoa %8koa, ondorioztatu du pandemia aurreko kopuruetara bueltatu dela Urola Erdia. Gizonezkoen langabezia indizea %6,5 dela eta emakumezkoena %9,6 ere zehaztu du, eta gaineratu, "eskualdeko langabezia indizea, orokorrean nahiz bi generoetan, Gipuzkoakoaren eta EAEkoaren azpitik" kokatzen dela.
  • Kontratazioak. Oraindik urrun daude pandemia aurreko kopuruak. Aurtengo maiatzean 503 langile kontratu zituzten Urola Erdian, iazko maiatzean baino %112 gehiago —238 izan ziren orduan—, baina 2019 maiatzean baina %25,4 gutxiago —674 izan ziren orduan—. "Beraz, oraindik ez dira pandemia aurretik adina kontratu zenbatu Urola Erdian; jarduera ekonomikoa normaltasunera iritsi ez den seinale". 
  • Afiliazioak. Gizarte Segurantzara afiliatutakoen kopuruak gora egin du azken urtean: iazko otsailean 12.518 lagun zeuden afiliatuta; eta aurtengo maiatzean 12.558.  
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Iraurgi Berritzenen arabera, azken hilabeteetan beherakada izan du laguntza hori eskatu duten herritarren kopuruak. Hala ere, aurtengo apirilean 584 espediente zenbatu dituzte, iazko otsailean baino 29 gehiago. "Langabezia datuak hobetzen joan ahala, indarrean diren DBE espedienteen kopurua murrizten joango dela uste da".
  • Aldi baterako lana erregulatzeko txostenak. Eskaera berrien kopuruak azken hilabeteetan izan duen jaitsiera da azpimarratzeko moduko beste kontu bat. Iraurgi Berritzenen arabera, nabarmena izan da jaitsiera, eta hori baieztatzen duten datuak ere eman ditu. Agentziako adituen esanetan, 2020an, guztira 457 txosten eskaera erregistratu ziren Urola Erdian, eta horiek 3.036 lanposturi eragin zien; aurten, berriz, urtea hasi zenetik hona, hamar eskaera berri besterik ez dira erregistratu, eta horiek 84 langileri eragin diete. 
  • UrolanPrest. Iraurgi Berritzenek kudeatzen duen UrolanPrest enplegu zerbitzuan jarduerak gorakada nabarmena izan duela ziurtatu du agentziak. "2021ean 150 lan eskaintzatik gora erregistratu dira eta egun 30 lanpostutik gora daude indarrean webgunean".

Aurreikuspen baikorrak

Orain dela gutxi, Urola Erdiko enpresen artean galdeketa egin du Iraurgi Berritzenek. Besteak beste, enpleguari dagokionean zer nolako aurreikuspenak dituzten galdetu zien, eta bi ondorio nagusi aipatu ditu: "Batetik, osasun krisia kontrolatzen joan ahala, jarduera ekonomikoa normaltasunera itzultzen jarraitzea espero dutela, batez ere zerbitzuen sektorean; bestetik, industriako enpresek, oro har, aurreikuspen positiboak dituztela. Esaterako, enpleguari dagokionean, galdeketa erantzun zuten enpresen %60k enplegua mantentzeko asmoa dute, %36k enplegua haztekoa eta %4k enplegua murriztekoa".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide