Haimar Etxeberriak irabazi du Gipuzkoako XXXI. Itzuliaren atariko proba

Anartz Izagirre 2021ko eka. 25a, 20:15

6 minutu eta 57 segundo behar izan ditu Etxeberriak proba amaitzeko. Bigarren eta hirugarren postuak, berriz, Jan Castellon eta David Peñaranda kataluniarrentzat izan dira. Bestalde, sari banaketaren ostean omenaldia egin diote Miel Elorza zenari.

Gipuzkoako XXXI. Itzuliaren atariko proba izan da gaur, ostirala, Azkoitian, eta Buruntzazpi taldeko Haimar Etxeberria izan da erlojupekoan lehen postua erdietsi duen txirrindularia. Etxeberriak, hain zuzen ere, 6 minutu eta 57 segundo behar izan ditu proba amaitzeko. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, berriz, Kataluniako UCV Bikesports taldeko Jan Castellon eta David Peñaranda izan dira; lehen sailkatuak baino 14 eta 16 segundo gehiago behar izan dituzte horiek lasterketa amaitzeko. Bestalde, talderik onena UCV Bikesports izan da, eta Juniorren lehen mailako lehen sailkatua, berriz, Quesos Albeniz taldeko Mikel Uncilla.

17:15ean atera da lehen txirrindularia, eta 30 segundoro atera dira gainontzekoak. Santa Klara kaletik hasi da proba, eta Santa Kutz gainetik barrena, Laja, Landagarre, Illarraga, Jauregi, Epelarre, Zumeta eta Uxer baserrietatik igaro dira, berriro Santa Klara komentura iritsi aurretik. Handik Balda plazara heldu dira, eta Plazaberrin amaitu da lasterketa. Guztira, 180 pertsonak parte hartu dute erlojupekoan.

Probaren hasierako puntuan nahiz helmugan jende andana bildu da txirrindulariak animatzeko, eta sari banaketan ere herritar asko izan dira. Gipuzkoako Txirrindularien Federazioko nahiz Jokin Ormaetxea klubeko ordezkariak sari banaketan izan dira, baita Angel Martin Azkoitiko Udaleko kirol zinegotzia ere; hark banatu dizkie sariak irabazleei. Bestalde, une hunkigarriak ere izan dira sari banaketan, joan zen urtean hil zen Miel Elorza txirrindulari azkoitiarrari omenalditxoa egin baitiete Gipuzkoako Txirrindulari Federazioak, Jokin Ormaetxea klubak eta Azkoitiko Udalak. Lore sorta eta oparia jaso dituzte Elorzaren emazteak eta bere bi seme-alabek.

Gaurkoa Gipuzkoako XXXI. Itzuliaren atariko proba izan da, eta bihar Eibarren izango da probako lehen etapa. Hurrengo egunetan, berriz, Andoainen eta Lazkaon izango dira lasterketak.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide