Bukatu berri den ezohiko ikasturteari begiratua

Nerea Uranga 2021ko eka. 27a, 09:32

Pandemiak eragindako bigarren ikasturtea izan da bukatu berri dena; ezohikoa. COVID-19 gaitza kutsatzea saihesteko hainbat neurri hartuta eman behar izan dituzte eskolak herriko ikastetxeetan. "Malkartsua", "gogorra", "lan askokoa", "aurreikusi ezina"... izan da herriko ikastetxeetako ordezkarien esanetan. Dena den, oztopoak gainditu eta aurrera egin dute guztietan hezkuntz komunitateko kideei esker. Maxixatzenek bukatu berri duten ikasturtearen balorazio orokorra egiteko eskatu die ikastetxeetako ordezkariei.

Ikastetxeetan bukatu dute 2020-2021 ikasturtea; nolanahi ere, pandemiak eragindako bigarrena izan da amaitu berri den kurtsoa. Maxixatxenek ikasturtearen balorazio orokorra egiteko eskatu die ikastetxeetako ordezkariei. Iazko irailean espero baino hobea izan dela nabarmendu dute guztiek, baina "gogorra" izan dela aitortu duenik ere izan da. Ikasturteak aurrera egin badu, ikasle, irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenei esker izan dela adierazi dute.

Honatx banan-banan ikastetxeetako ordezkariek egin duten balorazioa:

Azkoitia BHIko zuzendaritza

"Lana, tentsioa, gaixoak, nekea, ziurgabetasuna, komunikazio arazoak, baliabide berriak, konfinamenduak… Lana eta lana; horrelako flash azkarrak bizkor pasatu dira gure burutik. Pasatu ondoren, pasatutakoaren oroitzapen gutxi batzuk mantenduko ditugu memorian, baina pasatutakoak ugariak eta sakonak izan dira.

Ukaezina da ikasturte hau gogorra izan dela guztiontzat: musukoak ezarritako mugak (adierazpena, hitza, bolumena, itxura…), mugikortasun mugatua, eskolaz kanpoko ekintza murriztuak, kirola egiteko zailtasunak, elkarbizitza normalizatu bat garatzeko arazoak, burbuilak… Baina mugak gainditu, eta lan ona egin delakoan gaude.

Irailean egin zen apustu arriskutsua irabazi da, ikasleek, gure lanaren protagonistek, nolabaiteko normaltasunez eta aurrez aurre beren lana egiteko aukera izan dute, eta egindako lanaren onura atera dute. Aldi berean,  denbora luzez ikastetxea gure ikasleen sozializazio gune nagusia, eta askotan bakarra, bihurtu da.

Lorpenak garrantzitsuak izan dira: ikasketa mailan beste urrats bat egin da aurrera, laguntzak eskaini zaizkie behar izan dituztenei, selektibitateko ohiko deialdira ikasle guztiak joan dira konfinatu eta gaixotu gabe, eta denek gainditu dute froga… Hala ere, baditugu hobetu beharrekoak, eta horretan saiatuko gara, ukaezina delako pandemiaren eraginez bizi izan dugun egoerak zenbait ahulgune agerian utzi dituela.

Balorazio baikor honek suposatu duen gastu fisikoa eta psikologikoa ere handia izan da: ikasleek, irakasleek eta gurasoek dena eman dugu. Zorionak eta eskerrak eman behar dizkiogu eskola komunitate osoari egoera honetan egindako lanagatik eta eskainitako laguntzengatik.

Aurrera begira, ikasturte berriaren hasiera nahiko antzekoa sumatzen da, baino espero dezagun atzematen diren argi izpi horiek normaltasunera bueltatzeko bidea erakutsi  dezatela (urte bukaera aldera agian?); zeresan handia izango du gure ikasleen txertatze prozesuak. Normaltasun berri horrek zenbait zeregin ekarriko ditu, ezinezkoa izango da arlo pertsonalean eta sozialean galdutakoa berreskuratzea, baino denok berreskuratu eta berrasmatu beharko ditugu sozializazio erritmoak eta jardunak.

Jardunaldi jarraituaren eta zatituaren inguruan, esan Azkoitia BHIn, ez dugula horren inguruko  arazorik epe ertainean, Hauspoa proiektua medio ziurtatuta dugu jarduera jarraitua, egun gure erronka proiektu aberasgarri hau bizirik mantentzean kokatzen da".

Xabier Munibe Ikastola

"Ikasturtea igaro da, baina ezusteko mendi bat igo behar izan dugu. Ez da batere erraza izan, lortu beharreko helburua gogorra zelako.

Ikasturtearen hasieran, 2020ko irailaren 7an, erronka handi bati egin behar izan zioten aurre gure ikasleek eta hezkuntza komunitateak. Guztiok mendia oso garaia ikusten genuen orduan; malda handiekin eta eskalatzeko harkaitz ugariekin betea. Prest geunden, baina, aldi berean, ziurgabetasun handiarekin.

Ikasturtea bide gogorra eta harriz betea izan da gure ikasleentzako, baina ez dira inoiz adoregabeak izan; une batzuetan, geldialdiren bat egin behar izan da, indarrak berreskuratzeko eta oztopoak gainditzeko.

Baina, azkenean, 2021eko ekainaren 18a iritsi da, eta hain urrun ikusten zen tontorra pozaren pozez garaitu dugu.

Eskerrik asko komunitate osoari, eta batez ere gure ikasleei.

Oporrak ondo pasatu eta 2021-22 ikasturteak ekarriko digun erronkarako indarberrituta etorri!".

Floreaga ikastetxea

"Azken hilabeteotan bizi dugun pandemia egoerak hainbat bereizgarri baditu ere, horietako bat sor daitezkeen egoera berriak aurreikusteko zailtasuna da. Zer zer iazko irailean Floreaga Ikastetxean aurreikusten genuena? Ikasturte zaila eta, batik bat, desberdina zetorkigula aurretik. Protokoloak eta neurriak prest izan arren, pandemiaren egoeraren arabera, neurri horiek aldatzen edo eguneratzen joan beharko ginela. Eta horrekin batera, pandemiari ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egiteko, komunitate hezitzailea osatzen dugun guztion elkarlana funtsezkoa zela. Bi gauza horiek argi eta garbi ikusten genituen.

Egun, aurreikuspen horiek bete egin direla baiezta genezake. Guztiok, lan handia egin dugu sortutako egoera desberdinak ahalik eta hobekien kudeatzeko. Eskerrak ematea dagokigu, ikasleei, familiei, irakasleei… Ezin ahaztu Osakidetzako langileak ere, gure bitartekariak izan direnak, une oro zer egin eta zer esan behar genuen aholkatu digutenak, astelehena edo igandea izan, telefonoaren beste aldean egon direnak, beti laguntzeko prest.

Guztion lana eskertu nahi badugu ere, ikasleen jarrera eta inplikazioa azpimarratu nahi ditugu. Zailtasunak zailtasun, egoera nekagarri eta gogaigarri honetan beraien jarrera eta inplikazioa bikaina izan da. Guztiok bezala, 'normaltasunera' lehenbailehen iristeko nahi eta desirarekin baina, askotan, helduok izaten ditugun kexarik eta nahigaberik gabe.

Positiboei dagokienez, kasurik gehienak ikasturte hasieran eta amaieran izan ditugu. Hauekin alderatuz, ordea, gehiago izan dira gertuko kontaktu izateagatik etxean gelditu behar izan diren ikasleak. Haur Hezkuntzan, esaterako, positibo bakar batek burbuila guztia etxeratzea eragiten zuen.

Esan bezala, guztiok egoera berrira, ahalik eta hobekien erantzuten eta moldatzen ahalegindu gara. Baliabide digitalei esker, etxean sartuta zeuden ikasle horiek eskolak jarraitzeko eta lanean aritzeko aukera izan dute. Ez da erraza izan, teknologia berriak lagungarriak badira ere, gertuko harremana eta aurrez aurreko saioak ordezka ezinak baitira gure ikasleen adin tartean. Modu batean zein bestean, ikasturte honetako helburuak bete ditugu eta ikasleen ikasketa prozesuan aurrera egin dugu.

Datorren ikasturteari begira, une honetan irailean izango dugun egoera aurreikustea oso zaila da, egoera oso aldakorra baita. Joan den ekainaren 11n, Hezkuntza Sailak 2021/22 ikasturtean ikastetxeetan COVID-19 kasuak agertzen direnean jarduteko prozedura (protokolo orokorra) bidali zigun. Protokoloarekin batera bidalitako mezuan adierazten zenez, protokolo berriak ez du aldaketa handirik izango egungo protokoloarekin alderatuta; egokitzapen batzuk baino ez ditu aurreikusten egoera pandemiko onuragarriago baterako. Pandemia egoeran jarraitzen dugula, eta nahitaez prebentzio neurriak hartzen jarraitu behar dugula jakinarazten zaigu. Ikasturtea amaitzen denean, berriro ere, mahai baten inguruan bildu beharko gara Hezkuntza Sailetik bidalitako dokumentua aztertu eta, egin beharreko egokitzapenak egiteko. Momentuz, ezin dugu askorik esan. 

Osasun adituek behin eta berriro esan eta gogorarazi digutenez, COVID-19ak eragindako pandemia egoera ez hedatzeko dagoen neurri eraginkorrenetako bat elkarren arteko gutxieneko distantzia bermatzea da. Norabide honetan, aurten DBHko klaseak goizez izateak asko lagundu digulakoan gaude. Kontuan izan behar dugu ikastetxearen inguruan jende asko mugitzen dela: ikasleak, irakasleak, familia-etxe kideak… COVID aurreko arratsalde arrunt batean, HH, LH eta DBHko irteera eta sarrera orduek bat egiten zuten, jende asko pilatzen zen ikastetxeko irteera eta sarrera gune nagusienetan. Are gehiago, eguraldi txarra egiten zuenean (auto pilaketak errepidean…). DBHko klaseak goizez izateak, bestelako neurri osagarri batzuekin batera (sarrera orduak malgutzea…), jende pilaketa hauek ekiditen lagundu digu.

Esandakoak esanda, iazko ekainean Hezkuntza Sailetik bidalitako gutun batean garbi adierazi zitzaigun, ikasturte honetakoa salbuespen egoera kontsideratzen zuela. Datorren ikasturtera begira, Hezkuntza Saila, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik (eskola-egun zatitua aplikatzeak jantokiaren eta eskola garraioaren funtzionamendu logistikoari kalte oso larria eragiten dizkionean), ez da erabaki hau mantentzearen aldekoa. DBHn eskola-egun zatitua aplikatzea erabaki du.

Pandemia egoeran jarraitzen dugula kontuan izanik, ikastetxeko Eskola Kontseiluak  2020-21 ikasturterako hartutako erabakia mantendu egin behar zela adierazi zion Hezkuntza Sailari. Hezkuntza Sailak, ezezkoa erantzun zuen.

Gure partetik, esandakoa berretsi besterik ez. Aurten erabilitako formula jende pilaketak saihesteko, eta ondorioz, kutsatzeko arriskua gutxitzeko baliagarria suertatu zaigula iruditzen zaigu".

Bizilore Eskola Aktiboa

"Azken ikasturtea irailean uste genuena baino hobeto joan zaigula esango genuke. Irailean beldur handia zegoen helduengan zein haurrengan, baina denbora igaro ahala, lasaituz joan gara, eta ikusi dugu elkar zainduz eta lasaitasun batean lan eginda, modu positiboan egin dugula aurrera. Haurrak erraz ohitu dira neurri berrietara, eta saiatu gara beraiei ahalik eta espazio erosoenak eskaintzen. Kasu positibo bat izan genuen apirilean, eta aurrez aurreko saioak egiteari utzi egin behar izan genion, denok burbuila bat izan garelako. Azkenean, bi kasu positibo bakarrik izan ziren".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide