Aho batez onartu du udalbatzak Mankomunitatearen aldeko sententziari kasazio errekurtsoa jartzea

Anartz Izagirre 2021ko eka. 23a, 20:49

Aho batez onartu dute udal taldeek kasazio errekurtsoa jartzeko erabakia. (Anartz Izagirre)

Gaur, asteazkena, izan da ezohiko udalbatzarra, eta EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin onartu dute Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea. Azpeitiko Udalak ia 4 milioi euroko dirulaguntza jaso zuen Lapatxen eskutik ingurumen programetara bideratzeko, eta horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Azkoitiko Udalak 2016an. Halere, EAEko Auzitegi Nagusiak Urola Erdiko Mankomunitateak jarritako helegitea onartu zuen, eta hortik dator udalak berriro epaitegietara jotzeko erabakia.

Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak 2015ean sinatutako hitzarmenak eragindako auziak epaitegietan jarraituko du. Halaxe erabaki du Azkoitiko Udalak gaur, asteazkena, egin duen ezohiko udalbatzarrean, eta Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa ezarriko du udalak EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka. Urte batzuk atzera egin behar da auziaren zergatia ulertzeko; izan ere, Azpeitiko Udalak ongizate komunitarioko eta ingurumen izaerako planak, proiektuak eta programak garatzeko 3.850.000 euroko dirulaguntza hitzartu zuen Mankomunitatearekin eta Lapatxekin, eta Azkoitiko Udalak alegazioak aurkeztu zituen. Izan ere, Azkoitiko Udalaren arabera hitzarmenak ez zituen betetzen "esperotako justizia eta oreka irizpideak", eta Mankomunitatera atxikitako "gainerako udalerrien kaltetan" zihoan hitzarmena.

2016ko urtarrileko udalbatzarrean erabaki zuen Azkoitiko udalbatzak hitzarmenaren aurkako helegitea aurkeztea; EAJk, Azkoitia Baik eta PSE-EEk errekurtsoa ezartzearen aldeko botoa eman zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Erabaki hori hartuta, hitzarmenaren kontrako errekurtsoa ezarri zuten Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak nahiz Ana Azkoitia, Miguel Angel Bastida eta Angel Martin EAJren zinegotziek –Urola Erdiko Mankomunitateko udal ordezkariak–. Horren harira, joan zen uztailean Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek Azkoitiko udal ordezkariei arrazoia eman zien, eta baliogabetzat jo zuen hiru erakundeek sinatutako hitzarmen hori; hala eta guztiz, Mankomunitateak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta joan zen maiatzean onartu egin zioten. Beraz, deuseztatuta gelditu zen hitzarmena baliogabetzen zuen sententzia.

Egoera horren aurrean epaitegietan jarraitzea erabaki du Azkoitiko Udalak, eta sententziaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa jartzea aho batez onartu dute gaur.

Talde guztiak ados

Javier Zubizarreta alkateak udalbatzarrean adierazi duenez, "Azkoitiko herritarren interesak defenditzea" da Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko arrazoia, eta gaiarekin aurrera jarraitzeak "merezi" duela nabarmendu du.

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotziak ontzat jo du erabakia: "Aurreko agintalditik orduan zegoen idazkariak, oraingoak eta udalak kontratatuta duen abokatuak epaiketara joateko nahikoa argudio ditugula esan izan digute beti. Politikariok, berriz, batzordean aho batez onartu genuen bukaeraraino heltzeko erabakia, eta gure taldeak urteak joan eta urteak etorri Mankomunitateak hartu zuen erabakiaren aurkako argudioak entzun izan ditu; ondorioz, Azpeitiko Udalak diru hori jasotzeko eskubiderik ez duela garbi ikusten dugu". Etxanizek azpimarratu du Lapatxeko zabortegia Azpeitian izateagatik "bidezkoa" iruditzen zaiela udalerri horretako erakundeak "aparteko kalte-ordain batzuk" jasotzea, "baina hortik aparte Mankomunitatean gehiengoa dutelako beste diru kantitate batzuk jaso izana ez da legezkoa eta bidezkoa", gehitu du.

Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak ere ildo beretik hitz egin du: "Nahiz eta prozesu honek ekonomikoki kantitate bat suposatu dezakeen, kontuan hartu beharra dago jaso dezakegun kantitatea handiagoa izan daitekeela, eta herritarren onurarako izango dela hori". EH Bilduko kideek, bestalde, ez dute beren erabakiaren inguruko argibiderik eman udalbatzarrean, baina kasazio errekurtsoa jartzearen aldeko botoa eman dute.